Ekonomia -

BILERA-SORTA

EH Bilduk eta Confebaskek industria-politikari eta gutxieneko soldatari buruzko iritziak partekatu dituzte

EAErako gutxieneko soldata propioaren eztabaidari dagokionez, koalizioak patronalari eskatu dio sindikatuekin "eseri eta negoziatzeko". Akordiorako aukerak ikusten ditu EH Bilduk gai horretan.

EH Bilduko eta Confebaskeko ordezkariak, gaur, Bilbon. Argazkia: Confebask.
EH Bilduko eta Confebaskeko ordezkariak, gaur, Bilbon.

EH Bilduko eta Confebaskeko ordezkariak, gaur, Bilbon. Argazkia: Confebask.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren eta Confebask patronalaren ordezkariek egungo egoera ekonomikoa aztertu dute, goizean Bilbon egin duten bileran. Besteak beste, fiskalitateari, lanbidearteko gutxieneko soldatari eta industria-politikei buruzko jarrerak partekatu dituzte.

Koalizio independentistak eragile ekonomiko eta sindikatuekin joan den astean hasitako bilera-sortaren barruan kokatzen gaurko batzarra. EH Bilduren aldetik, Pello Otxandiano, Nerea Kortajarena eta Ander Goikoetxea joan dira hitzordura, eta Confebasken izenean, Tamara Yague presidentea eta Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia. Amaieran hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Otxandianok azaldu du "ondo" joan dela bilera, "jakina den bezala", bi aldeen arteko jarrerak "ia gai guztietan" oso urrun dauden arren. 

EH Bilduk uste du "ziklo ekonomiko berri baten hasieran" gaudela eta bazela garaia "erabaki garrantzitsuak" hartzeko. Zentzu horretan, "egoera ondo neurtu eta eztabaida ezberdinak modu koherentean" egitea ezinbestekotzat jo du Otxandianok, eta horretarako, bilera-sortan jasotako "ikuspegiak" Eusko Legebiltzarrera eramango dituzte.

EAErako gutxieneko soldata propioaren eztabaidari dagokionez, koalizioak patronalari eskatu dio sindikatuekin "eseri eta negoziatzeko". Akordiorako aukerak ikusten ditu EH Bilduk gai honetan, eta iritzi dio Confebasken jarrera ez dela ulertzen. Halaber, uste du Eusko Jaurlaritzak "bitartekari" lana egin behar duela gai honetan, eta ez dela ari horretan.

EH Bilduk Confesbaski eskatu dio lanbide arteko gutxieneko soldata propioa negoziatzeko sindikatuekin
EH Bilduk Confesbaski eskatu dio lanbide arteko gutxieneko soldata propioa negoziatzeko sindikatuekin

EH Bilduk Confesbaski eskatu dio lanbide arteko gutxieneko soldata propioa negoziatzeko sindikatuekin

1:13

Bere aldetik, ohar batean, Confebaskek jakinarazi du erreforma fiskalari buruz EAEko enpresek duten iritzia helarazi diola EH Bilduri. "Lan kostuen igoerak, absentismo tasa altuak eta arrisku geopolitikoek euskal enpresen lehiakortasuna arriskuan" jartzen dutela azaldu du patronalak bileran.

Horrez gain, "Euskadiren ongizateari ekarpena egiten lehenak" enpresak direla ere agertu du Confebaskek, eta nabarmendu "enpresen ekarpenik gabe", ez dagoela "ez onura sozialik ez kolektiborik" euskal gizartearentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Confebask Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Pello Otxandiano