Ekonomia -

Lan-gatazka

Greba deitu dute apirilaren 9an Nafarroako Administrazio publikoan, "benetako negoziazioa" eskatzeko

LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek lanuztea deitu dute Nafarroako Gobernuari behargin publikoen lan-baldintzak hobetzea eskatzeko. Argudiatu dute Foru Gobernua "blokeoa egiten eta utzikeriaz jarduten" ari dela negoziazioari heltzeko orduan.

Sindikatuek Larrabide estadioaren instalazioetan egindako agerraldia. Argazkia: EFE
Sindikatuek Larrabide estadioaren instalazioetan egindako agerraldia. Argazkia: EFE

Sindikatuek Larrabide estadioaren instalazioetan egindako agerraldia. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Administrazio Publikoko Mahai Orokorreko sindikatuek (LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT) greba deitu dute apirilaren 9rako, Nafarroako Gobernuari langile publikoen baldintzak hobetzea eta "benetako negoziazioa" eskatzeko.

"Bost hilabetez era guztietako saiakerak egin ditugu Foru Gobernua Mahaian eser dadin, ez dugu lortu eta ez digute erantzunik eman. Greba jarrera horren ondorioa da", azaldu du Isabel Artieda LAB sindikatuaren ordezkariak prentsaurrekoan.

Negoziazioari heltzeko orduan "Nafarroako Gobernua blokeoa egiten eta utzikeriaz jarduten" ari dela kritikatu dute, eta apirilaren 9rako greba eguna deitu dute. Administrazioko behargin guztiei dei egin diete bat egiteko.

Larrabide estadioaren instalazioetan egindako agerraldian, Foru Exekutiboari eskatu diote langileentzako estatutu berri bat, enpleguaren egonkortasuna eta behin-behinekotasuna % 8tik behera murriztea, Osasunari buruzko Foru Legearen Aurreproiektuan Osasunbideren enpresa-erakunde publikoaren sorrera geldiaraztea, eta "sektore horretako profesionalen arteko aldeak desagerraraztea".

Era berean, langile kopurua handitzea, Nafarroako KPIa aplikatuz behargin guztien soldata igotzea eta "erosteko ahalmena berreskuratzeko" neurriak ezartzea aldarrikatu dute sindikatuek.

Ildo horretan, familia eta lan-bizitza uztartzeko neurriak ere eskatu dituzte, "sektore publikoan pribatizazio politika amaitzea eta orain arte pribatizatutakoa lehengoratzea", eta karrera profesionaletan "prestakuntza eta dedikazioa sustatu eta ordainduko duten irizpide objektiboak" aplikatzea.

Negoziazioak, "kontrol sindikaletik kanpo"

Mahai Orokorrari ere balioa eman diote, "langileen zilegitasuna eta babesa duen foroa baita, inolako kontrol sindikaletik kanpo bulegoetan eta bilera-geletan egiten ari diren negoziazioen aurrean", salatu du Artiedak.

Mobilizazioei dagokienez, Artiedak jakinarazi du goizean bat egingo dela, hainbat zutabetan atera eta Carlos III.ean batuko dela, eta arratsaldean beste manifestazio bat egingo dela; hori oraindik zehazten ari dira.

Medikuen grebaren lanuzteekin bat egin nahi duten galdetu diotenean, honakoa erantzun du Artiedak: "Mahai Orokorrean egoteko ordezkaritza nahikoa ez duen sindikatua da, eta ez dugu berririk lanuzteak noiz egingo dituzten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa ELA LAB Grebak Funtzionarioak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak