Ekonomia -
Renfe
Greba bertan behera utzi dute Renfen eta Adifen, hasteko ordu gutxiren faltan akordioa lortuta
Sindikatuek bertan behera utzi dute Renfen eta Adifen aurreikusitako greba gauerdian hasi baino lau ordu lehenago, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Ministerioarekin akordio bat lortu ostean, negoziazioko iturriek igande honetan jakinarazi dutenez.
Agentziak | EITB Media
Sindikatuek bertan behera utzi dute Renfen eta Adifen aurreikusitako greba gauerdian hasi baino lau ordu lehenago, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Ministerioarekin akordio bat lortu ostean, negoziazioko iturriek agentziei azaldu dietenez.
Renferen eta Adifen sindikatu nagusiek (Semaf, CCOO, UGT, CGT, SF-I eta SCF) zazpi greba-egun deituta zituzten martxoaren 17, 19, 24, 26 eta 28rako, bai eta apirilaren 1erako eta 3rako ere, Rodalies eta Renfe Aldiriak enpresen kasuan 2023ko akordioak ez betetzea leporatzen ziotelako Ministerioari.
Mobilizazioak eten ezean, lehen bost egunetan, Renfek programatutako 4.260 trenetatik ia 1.400 tren (1.383), abiadura handiko eta distantzia luzeko 428, distantzia ertaineko 955 eta merkantziak eramaten dituzten 740 ziren bertan behera uztekoak.
Lortutako akordioa
Ministerioak, Generalitateko Lurralde, Etxebizitza eta Trantsizio ekologikoareki sailak, eta Renfe eta Adifeko enpresa-batzorde orokorretan dauden sindikatu gehienek (CGTk izan ezik) hainbat akordio lortu dituzte greba bertan behera uzteko.
Ministerioak eta Generalitateak ohar bateratu batean adierazi dutenez, aldeek lortu duten adostasunak, praktikan, ahalbidetuko du astelehen honetan "aurreikusitako trenbide-zerbitzuak ia normaltasun osoz ematea".
Renfeko eta Adifeko greba bertan behera uzteko Garraio Ministerioak sindikatuei igande arratsalde honetan mahai gainean jarri dien proposamena aldez aurretik ERCrekin hitzartuta zegoen. Horren bidez, ERCk "aldi baterako" onartu du Rodalies zerbitzua Generalitateari eskualdatu behar dion enpresa Renfe taldeari atxikita egotea.
ERCko iturrien arabera, Estatuaren eta Generalitatearen artean sortutako konpainia berria Renfe taldeari atxikitzeak langileen eskaerei erantzutea ahalbidetzen du, PSOEk eta ERCk adostutako eskualdaketarekin eskuratutako lan-eskubideak galtzeko beldur baitziren beharginak.
Horrela, Renfe Taldearen parte izango den filial bat eratuko du konpainiak (Renfe Viajerosek izango du akzioen partaidetza handiena). Bertan, hitzarmen kolektiboa, bermeen akordioa eta Renfe Taldearen indarreko lan-akordio guztiak aplikatuko zaizkie langileei.
Iturri berdinek gaineratu dutenez, Gobernuak akzioen gehiengoa duen heinean, Renferen zorra ez du oraingoz Generalitateak hartuko bere gain.
Hala ere, errepublikanoek azladu dutenez, azken helburua da Rodalies kudeatuko duen "enpresa % 100 katalan bat egotea" eta, irtenbidea, beraz "behin-behinekoa" dela azpimarratu du, langileen eskubideak bermatu eta sindikatuekin urak "baretzera" begira hartutakoa.