Ekonomia -

Akordio fiskala

Hauek dira Podemosek EAJ eta PSE-EErekin adostutako neurri fiskal nagusiak

Podemosek 27 neurri sartu ditu proposamenean, xede izanik "errenta baxuei eta ekoizpen-sare ahulenari mesede egitea, zerga-bilketaren galera iraultzea, gehien duenak gehiago ordain dezan bideratzea, eta etxebizitza alokairu-merkatura ateratzea bultzatzea", besteak beste.

Infografia: EITB
Infografia: EITB

Infografia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemos Euskadik fiskalitateari buruzko aurreakordio berri bat lortu du PSE-EErekin eta EAJrekin. Horri esker, hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusietan berrikuspena onartu ahal izango da, eta horrek alderdi morearen arabera, 1.038.841 euskalduni egingo die mesede, EAEko biztanleen ia erdieri, beraz.

Guztira, Podemos Euskadik 27 neurri sartzea lortu du, "errenta baxuei eta produkzio-sare ahulenari mesede egiteko, zerga-bilketaren galera lehengoratzeko, gehien duenak gehiago ordain dezan, eta alokairuko merkatura etxebizitza ateratzea bultzatzeko", besteak beste.

Hona hemen hitzartutako neurri aipagarrienak:

1. Errenta-aitorpena egiteko betebeharra 20.000 eurokoa izango da eta salbuetsita egongo dira lanbide arteko gutxieneko soldata kobratzen duten pertsonak. 

2. Alokairua ordaintzen duten eta 20.000 eurotik beherako errentak dituzten pertsonek errentaren % 35 kendu ahal izango dute, 2.800 euroko mugarekin, baina jaso ahal izateko, errenta-aitorpena aurkeztu beharko dute.

3. Guztira, 107.000 autonomori, mikroenpresari eta enpresa txikiri handitu egingo zaie hobaria zuzeneko zenbatespen sinplifikatuan. 

4. Emakume eta gazteentzako enplegua sortzearen aldeko kenkaria % 25etik % 35era igoko da, 3 urteko epean kontratatutako pertsonen soldata LGSaren % 170era igotzeko konpromisoarekin.

5. 68.000 eurora jaitsi da alokairuaren eta ohiko etxebizitza erostearen ondoriozko kenkarirako errentaren muga. Neurri hori kontratu eta erosketa berriei bakarrik aplikatuko zaie.

6. Araban eta Bizkaian hutsik dauden etxebizitzetarako Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren errekargua % 150ekoa izango da.

7. Akzioen, bonuen, higiezinen edo sozietateetako partaidetzen ondoriozko kapital-errentek, interes, dibidendu, gainbalio edo higiezin-errenta gisa jasotzen badira, gehiago ordainduko dute: % 25etik % 28ra igoko da.

8. BGAEen (pentsio-planak) kapital bidezko erreskateen tributazioa handituko da; BGAEetatik dirua bat-batean (eta ez hilez hileko errenta gisa), kentzen dutenek gehiago ordaindu beharko dute horregatik. 

9. Ezohiko mozkinengatiko Sozietateen gaineko Zerga modu mailakatuan igoko da, % 24tik % 28ra ezohiko mozkinak dituzten enpresa handien kasuan, eta zerga horren gutxieneko tasa % 17tik % 19ra igoko da enplegurik sortzen ez duten eta inbertsiorik egiten ez duten enpresa handien kasuan.

10. Orain arte Euskadin aplikatzen ez zen finantza-erakundeei ezarritako zerga berriaren araudia garatzea eta 2025ean indarrean sartzea, baita multinazionalen gaineko zerga ere. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Ekonomia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Zerga politika