Ekonomia -

ARRANTZA

100 tona antxoa sartu da Getariako portuan eta kiloa 0,70 euroan saldu da

Kosteraren bigarren egunean Hondarribian eta Ondarroan ere antxoa porturatu dute, eta han ere antzerako prezioa izan du lonjan. Antxoak Donostia parean harrapatu dituzte, eta tamainaz ertainak dira.

Denboraldiko lehen antxoak, atzo, Getarian
Denboraldiko lehen antxoak, atzo, Getarian

100 tona antxoa sartu da Getariako portuan, kosteraren bigarren egunean

0:52

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ofizialki lehen antxoak euskal portuetara atzo iritsi baziren ere, kosteraren bigarren egunean erruz sartu da bereziki Getarian, eta, neurri txikiagoan, baita Hondarribian eta Ondarroan ere. Getarian bakarrik 100 tona antxoa porturatu dituzte eta kiloa 0,70 euroan saldu da batez beste.

Antxoa asko harrapatzeak eragin zuzena izan du salmenta prezioan eta horrek arrantzale askoren haserrea eragin du, "oparitu" egin dela iritzita. Arrandegietan, berriz, batez beste 8-9 euroan dago kiloa.

Tamainari dagokionez, ertaina da, ez txiki-txikia, ez handi-handia.

Antxoak Gipuzkoako kostaldean harrapatu dituzte, Donostia parean.

Atzo, denboraldiaren lehen egunean, Getarian tona bat deskargatu zuten eta kiloa 6,50 euroan saldu zen. Ondarroan, guztira 1,341 tona porturatu zituzten, 6,77 eurogan.

Antxoaren arrantza denboraldia 10 eguneko atzerapenarekin hasi da, kuota kudeatzeko sistema aldatzeko abiatu dituzten negoziazioen ondorioz.

Sirena berriro entzun da Getarian

Getariako Udalaren eta Elkano Arrantzaleen Kofradiaren elkarlanari esker, sirena hotsa berriro entzun da herrian.

90. hamarkadatik isilik egon ostean, atzo eguerdian (12:00) sirena kolpe bat jo zuten antxoa sartu zela esateko. Sirena Salbatore Deunaren elizako kanpandorrean jarrita dago eta aurrerantzean arraina sartzen den guztietan, 11:00etan, kofradiak aktibatuko du.

Kolpe bat edo bi izango dira egun horretan itsasoan gertatutakoaren soinuaren hotsa: bat, antxoa sartu dela esateko; eta bi, bestelako arrainak portura iritsi direla adierazteko.

Sirena arrainak portura iritsi zela jakinarazteko ez ezik, antzina denboralea, ontzien larrialdi eta abarren berri emateko erabiltzen zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Antxoak Hondarribia Gizartea Ekonomia Albisteak Gaur Ondarroa Eguneko albisteak Getaria Arrantza kanpaina azken ordukoa Euskadiko kostaldea albisteak