Ekonomia -

MEDIKUEN GREBA

Osasun Departamentuaren arabera, Nafarroako medikuen grebaren jarraipena % 2koa izan da goizeko txandan

Nafarroako Medikuen Sindikatuak (SMN) ez du grebari buruzko "datu-gerran" sartu nahi. Aitzitik, arrazoiak nabarmendu dituzte berriz ere: "gehiegizko lankarga" eta "lan baldintzak hobetzeko beharra".

Medikuen greba Nafarroan. Argazkia: EFE
Medikuen greba Nafarroan. Argazkia: EFE

Nafarroako Medikuen Sindikatua: ''Mediku batzuek astean 60, 70 eta 80 ordu ere egiten dituzte''

1:04

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko goizeko txandako profesionalen % 2,01ek egin dute bat medikuentzat deitutako grebarekin, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren arabera.

Alberto Perez SMSren idazkari nagusiak azaldu duenez, Gobernuak jarraipena kalkulatzeko "greba egin ahal izan dutenak bakarrik hartu ditu kontuan" baina ez "zerbitzu minimoetan egonda, greban daudela esan dutenak". Dena dela, garbi utzi nahi izan du ez dela "datu-gerran" sartuko, eta nahiago duela grebara eraman dituzten arrazoiak nabarmendu.

Ildo horretan, lankarga aipatu du arazo nagusi gisa, "gaixoak ikusteko nahikoa denbora ez izatea". "Faktore pila bat daude, dudarik gabe", hausnartu du Perezek baina, bereziki, "langile kopuru txikia da arrazoi nagusia, gero eta mediku gutxiago gaude Nafarroan. Gero eta mediku gutxiagu erakartzen dugu".

"Plazak hutsik geratzen ari dira jendeak ez duelako bere funtzionario plaza hartu nahi eta hori gertatzen da lan-baldintzak ez direlako nahikoa erakargarriak, eta okerrera egingo dute, gainera, denborak aurrera egin eta jubilatzen joaten garen heinean" hausnartu du.

Ildo horretan, "inguruko gainerako erkidegoekin lehiakor izateko lan-baldintza orokorrak hobetzea" eskatu dute, tartean "BAME aldia A mailako karrera profesionalean txertatzea".

"Legebiltzarrean lan-saio bat egin genuen gure arazoak azaltzeko eta talde parlamentarioak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan medikuen baldintzak hobetzea sartzeaz konbentzitzeko baina ez da horrelakorik gertatu. Horregatik, grebara jotzea beste aukerarik ez zaigu geratu", azaldu du.

Bestalde, Perezek azaldu du SMN Osasun Departamentuarekin bildu zela aurreko ostegunean "sei hilabete eta gero", "zerbitzu minimoez hitz egiteko eta negoziaketa gaiak zein egutegia zehazteko. Hala, martxoaren 13an, osteguna, egingo dute horren gaineko bilera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Medikuak