Ekonomia -
Etxebizitza
EUDELek gida bat osatu du udalei etxebizitza turistikoak arautzen laguntzeko
Orientazio gida bat da, ez "nahitaezko erregulazio-eredu bat"; eta helburua "turismo jasangarria" ahalbidetzea da, "gizarte, ekonomia eta ingurumen mailan".
eitb media
EUDEL Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen Elkarteak gida bat osatu du etxebizitza turistikoak arautu behar dituzten udalei laguntzeko.
Eusko Legebiltzarrak egindako eskaerari erantzuten dio gidak, eta Esther Apraiz EUDELen presidenteak Javier Hurtado Turismo sailburuarekin egindako bileraren ostean aurkeztu dute.
Apraizek esan du ez dela "nahitaez" bete beharreko eskuliburu bat, baizik eta "tresna baliagarri bat", herri eta hiri "eredua diseinatzean turismoa txertatzeko, erabileren oreka bideratuz eta gune turistikoetan bizi diren herritarrei eta, oro har, bizilagunei kalte egitea saihesteko".
Gidak "turismo jasangarria ahalbidetzeko" neurriak proposatzen omen ditu, "gizarte, ekonomia eta ingurugiro mailan".
EUDELen esanetan, "azterketa zorrotza" egin dute EAEko 33 udalerritako turismo-erabileraren erregulazioa, EAEko Etxebizitza Turistikoen (ET) eta Logela Turistikoen (LT) bilakaera, eta beste autonomia-erkidego batzuetako, Europako zenbait herrialdetako eta AEBko egoera eta araudiak aintzat hartuta.
Hala, EUDELen arabera, "aukerarik egokiena ez da ETen eta LTen erabilera ordenantza baten bitartez soilik arautzea. Aitzitik, udal-plangintza berraztertuz edo unean uneko aldaketak txertatuz gauzatu behar da".
Turismoak gora egin duen arren, EUDELek gogorarazi du eskaera handiena eskaintza tradizionalera bideratzen dela, eta hirutik batek aukeratzen dutela etxebizitza edo logela turistikoa.
Horren harira, Bilbon eta Donostian omen dago mota horretako eskaintzaren erdia.
Hauek dira gidan jasotako aholkuetako batzuk:
- Etxebizitza Turistikoak (hirugarren sektoreko erabilera) eta Logela Turistikoak (bizitegi-erabileraren erabilera osagarria) bereiztea, bigarrenen kasuan iruzurrezko erabilerak saihesteko.
- Biztanle-kopuruaren araberako plazen ehunekoa aintzat hartzea, eta ez soilik etxebizitzekiko ET plazen ehunekoa.
- Udal-etxebizitza tasatuen udal-erregulazioa (araudia eta ordenantza), etxebizitza babestu horietan ETen eta LTen jarduerak berariaz baztertzeko.
- Gune tentsionatuak: komenigarri irizten zaio ETen errealitatea aztertzeari, udal-etxebizitzen merkatuan dagoen tentsio-maila baloratzeko eta, beraz, etxebizitzaren funtzio soziala eta etxebizitza-eskubidea zaintzeko.