Ekonomia -
HARTZEKODUNEN KONKURTSOAN
Balenciaga ontziolaren zorra 15 milioitik 8,5era jaistea onartu du Cofidesek
Zumaiako ontziola hartzekodunen konkurtsoan dago azarotik, eta martxoaren 31ra arteko epea du zorra bere gain hartuko duen norbait aurkitzeko. Langile batzordeak pozarren hartu du albistea, baina zuhurtziarako deia egin du, erakundeei babesa eskatzearekin batera.
EITB Media
Balenciaga ontziolaren etorkizuna atzo baino zerbait argiago egon daiteke. EITB Mediak jakin duenez, Zumaiako ontziolaren zorraren zati bat kitatzea onartu du Espainiako Ekonomia Ministerioaren mendeko den Cofides sozietate publiko-pribatuak, 15 milioitik 8,5era. Gainera, kitapen horrek konkurtso-administratzailearen oniritzia jaso du.
Ontziolaren zorra murriztuta, errazagoa izan daiteke ontziolaren jarduera berma dezaketen inbertitzaileak aurkitzea. Gaur-gaurkoz, bi inbertitzaile dirua jartzeko "oso interesatuta" daudela iragarri du aste honetan Maria Jesus Egido PSE-EEren Gipuzkoako batzarkideak.
Balenciaga hartzekodunen konkurtsoan dago azarotik, eta martxoaren 31ra arteko epea du inbertitzaile bat aurkitu eta lanpostuak suntsitzeko lan-erregulazioko espedientea saihesteko.
Kitapenari buruzko albistea iritsi da, hain zuzen ere, aste honetan Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua eta Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroak Madrilen bilera egin ondotik.
Gaur egun, 71 langile ditu Zumaiako ontziolak, baina ontzi bat eraikitzen ari direnean ehunka lanpostu sortzen ditu (600 inguru).
Balenciaga ontziolako enpresa-batzordearen ustez, "berri ona" da Cofides enpresak zorraren zati bat kendu izana, baina gogorarazi du "hartzekodun asko" daudela eta oraindik ere urratsak eman behar direla sinadura egikaritzeko. Horregatik, zuhurtziaz jokatzeko deia egin, eta, batez ere, erakundeen babesa eskatu du.
Batzordeko ordezkariek ostiral honetan egin dituzte adierazpen horiek, ontziolak Zumaian dituen instalazioetan konkurtso-administrazioarekin egin duten bileraren ostean.
Daniel Sanchez UGTko ordezkariak azaldu duenez, ez dute oraindik datu zehatzen berririk, baina zor osoaren % 50 inguru izango litzatekeela jakinarazi diete.
Sanchezen hitzetan, "albiste ona" eta enpresaren jarraitutasunerako lehen urratsa da, baina "tentuz" hartu dute, "urrats asko" falta direlako. "Egitateak ikusi beharko dira. Oraingoz hitzak dira, ez dago ezer sinatuta", gaineratu du.
"Lehen urrats hau hartzekodun handienetako batekin egin da, Cofidesekin, baina hartzekodun asko daude oraindik, eta erakundeen laguntza beharko dugu berriz eraiki ahal izateko", azpimarratu du.
Zentzu horretan, David Tejerak (CCOO) esan du Cofidesen erabakia "bide onerako urratsa" dela, baina oraindik badirela lotu beharreko kontuak, eta "tentuz" jokatzeko eskatu du.
Negozioaren agintea hartzeko gaitasuna izan dezaketen inbertitzaileei laguntzeko konpromisoa eskatu die erakundeei, proiektu berriei heldu ahal izateko. "Denok norabide berean egiten badugu arraun, bide onera iritsiko gara", adierazi du.
Zorraren kitapena sinatu aurretik informazioa filtratu izana deitoratu du Zumaiako alkateak
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea "pozik" eta aldi berean "kezkatuta" agertu da Balenciaga ontziolaren zorraren zati baten kitapena oraindik sinatu gabe dagoelako. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, ez dute "gehiegi laguntzen" gisa horretako filtrazioek. "Nahiago nukeen behin sinatuta atera izan balitz albistea", gehitu du. Dena den, "oztopo ez izatea" espero du.
Zumaiako ontziola erlojuaren aurka ari da lanean likidazioa ekiditeko. Alkatearen iritziz, "koska handiena gainditu da" edo "gainditu daiteke", baina oraindik inbertitzaileei laguntzeko lan asko dagoela egiteko erantsi du. Ildo horretan erantsi duenez, Espainiako Ekonomia Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzada beharrezkoa izango da ontziola berriro zabaltzeko. Talgo jarri du adibide gisa.
Gipuzkoako Foru Aldundia: "Konponbide bideragarriak bilatzeko urrats garrantzitsua da"
Ane Insausti Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen diputatuaren ustez, Zumaiako Balenciaga ontziolaren zorraren kita partziala onartzea "konponbideak bilatzeko eta gure ekonomiaren egonkortasuna indartzeko prozesuan beste urrats bat" da.
Gaineratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, "orain arte bezala", Balenciaga ontziolaren "bideragarritasuna bermatzen lagunduko duten bazkide sendoak aurkitzeko" prozesua babesten jarraituko du.