Ekonomia -
Mobile World Congress
Espainiako Gobernuak 67 milioi inbertitu ditu Gipuzkoako Multiverse Computing enpresan
Bartzelonan egiten ari diren Mobile World Congressen, Espainiako Estatua euskal enpresan sartzea Europaren autonomia estrategikoa bilatzeko helburuan kokatu du Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako ministroak.
EITB Media
Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministroak gaur iragarri duenez, Espainiako Gobernuak 67 milioi euro inbertitu ditu Gipuzkoako Multiverse Computing enpresan, Eraldaketa Teknologikorako Espainiako Sozietatearen (SETT) bidez. EITBk jakin ahal izan duenez, operazioarekin Espainiako Gobernuak akzioen % 14 bereganatzen ditu. Horrela, euskal akziodunek (Jaurlaritza, Mondragon, Kutxa...) enpresaren % 37 mantentzen dute.
Martxoaren 6ra arte Bartzelonan egiten ari diren Mobile World Congress (MWC) erakustazokan, Espainiako Estatua euskal enpresan sartzea Europaren autonomia estrategikoa bilatzeko helburuan kokatu du Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako ministroak.
Ildo horretan, Multiverse Computingek adimen artifizialeko (AI) hizkuntza-ereduak "% 90etik gora" konprimatzeko eredu bat lortu duela azpimarratu du ministroak, eta horrek datu-zentroek energia kontsumoan % 50 inguru aurreztea ekar dezakeela.
Eraldaketa Digitaleko ministroak nabarmendu du "punta-puntako" proiektua dela, "Espainia Europaren buruan jarriko duena", eta Espainiako Gobernua enpresan sartzearekin batera "funtsezko jauzia" ematen dela "AIren lasterketan".
Donostian du egoitza Multiverse Computingek, eta konputazio kuantikoan oinarritutako software bat garatu du, AI ereduak jatorrizko tamainaren % 10ean konprimatzeko aukera ematen duena, "baliabide gutxiago kontsumituz eta emaitza berdinak lortuz".
Horri esker, adibidez, eredu horiek erabil daitezke "energia gutxiago gastatuz edo gailu txikiagoetan, hala nola errealitate birtualeko betaurrekoetan edo smartphonetan, ordenagailu handien ordez, baita offline moduan ere", azaldu du Ministerioak.
2024an, DIGITALEUROPEk, Europan eraldaketa digitaleko prozesuan dauden industrien patronalak, Multiverse Computing "etorkizun hurbilean" Europako aitzindaria izango zela adierazi zuen. Urte berean, LinkedInek Multiverse Computing sartu zuen "Espainian etorkizun handiena duten enpresen top 20 sailkapenean".