Ekonomia -

GUTXIENEKO SOLDATA

Gutxieneko soldata jasotzen dutenek errenta aitorpena egin beharko dute aurrerantzean: Hala al da EAEn?

Orain arte gutxieneko soldataren hartzaileei aplikatzen zitzaien salbuespena kendu du Ogasun Ministerioak, hileko soldata 1.184 euro gordinera igota (16.576€, urtean). EAEn, errenta aitorpena aurkeztera behartuta daude mota horretako zergadunak, baina alda daiteke berrikuspen fiskala onartzen bada.

EAEn, gutxieneko soldata jasotzen dutenek, oro har, errenta aitorpena egin behar dute.
Bi langile lorezaintza lanetan.

EAEn, gutxieneko soldata jasotzen dutenek, oro har, errenta aitorpena egin behar dute.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanbidearteko gutxieneko soldata hileko 1.184 (14 ordainketatan) edo urteko 16.567 euro gordinera igo da (% 4,4 gora), Espainiako Gobernuak atzo ministroen kontseiluan onartutakoaren arabera. Lan Ministerioak sindikatuekin adostutako igoera da (patronala akordiotik kanpo geratu zen), baina hazkunde historikoa zena desitxuratuta geratu da Ogasun Ministerioak ebatzitakoarekin: aurrerantzean gutxieneko soldata ez da errenta aitorpena aurkezteaz salbuetsita egongo. Orain arte, soldata txiki hori jasotzen zutenek ez zuten errenta aitorpena egin behar; aurrerantzean, bada, salbuespen batzuk kenduta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) ordaindu beharko dute. Erabakiak arrakala sortu du Espainiako koalizio Gobernuko kideen artean, eta Sumarrek salbuespenari eusteko lege proposamena aurkeztu du dagoeneko.

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) zerga sistema propioa du, eta Espainian erabakitakoek ez diete zertan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zergadunei eragin. Are, egun indarrean dagoen araudiaren arabera, gutxieneko soldata jasotzen dutenak, iaztik, derrigortuta daude PFEZa ordaintzera. Izan ere, egungo araudiaren arabera,  urtean 14.000 euro gordin edo gutxiago jasotzen dituztenak bakarrik daude salbuetsita (20.000 euro, bi zergadunen kasuan). 2024an, lanbidearteko gutxieneko soldata 15.876 eurora igo zenez, zergadun horiek ere errenta aitorpena egitera behartu zituzten hiru ogasunek.

Egoera bestelakoa litzateke EAJk eta PSE-EEk babestu duten berrikuspen fiskala onartzen bada, izan ere, errenta aitorpena egiteko salbuespena 19.000 eurora igotzea proposatu dute bi alderdiek. Zerga erreforma onartzea, baina, gehiengoen jokoaren menpe dago. Bizkaian, jeltzaleek eta sozialistek badute onartzeko nahikoa boto, eta ez da arazorik espero. Gipuzkoan eta Araban, ordea, korapilotsuagoa da egoera, foru gobernuek oposizioko alderdi baten babesa behar baitute, gutxienez. Negoziatzera kondenatuta daude, beraz, bi lurraldeetan.

Urak arre, Espainiako Estatuan

Dena dela, EAEko testuingurua samurra da Espainiako Estatuarenarekin alderatuz gero. Sanchezen gobernuko koalizio kideak mokoka azaldu ziren atzo, eta oposizioan ere ahots kritikoak azaldu dira Ogasun Ministerioaren erabakiaren aurrean.

Ministroen kontseiluaren osteko prentsaurrekoa tentsio betekoa izan zen, eta Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroak ez zuen bere haserrea ezkutatu. Salatu zuenez, komunikabideen bitartez izan zuen Ogasunaren erabakiaren berri. Sumarren buruzagia ere badenaren ustez, "zerga justizia goitik hasten da, ez azpitik".

Pilar Alegria exekutiboaren bozeramaileak aldaketa defendatu zuen, eta PFEZaren bidez bildutakoak "zerbitzu publikoak hobetzeko" balio duela aldarrikatu. Azaldu zuenez, gutxieneko soldata jasotzen duten askok ez dute errenta aitorpena egin beharko, egoera zaurgarrian badaude, batez ere.

Gerora, PPk, Podemosek baina baita Sumarrek ere gutxieneko soldata salbuetsita egoten jarraitzeko lege proposamenak aurkeztu zituzten.

Ingurumari horretan, EH Bilduk iragarri du salbuespena mantentzearen alde egingo duela. EAJk ere "egoera okerrenean dauden pertsonak" laguntzen saiatuko dela nabarmendu zuen, baina era berean, Ogasun Ministerioaren argudioak ulertzen dituela erantsi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Errenta aitorpena Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Soldatak Zerga politika