Ekonomia -

Altzairuari muga-zergak

EAEko siderurgiak neurriak eskatu dizkio Bruselari, merkatua Txinako "altzairu merkez josita" egon ez dadin

Asier San Millan Siderex siderurgiaren klusterreko zuzendari nagusia beldur da Asiako enpresek, AEBn saldu ezinda, Europara jo eta prezioak jaitsaraziko ote dituzten. Zehaztu duenez, EAEko siderurgiaren hirugarren bezeroa da AEB.

Altzairu goriko xafla batzuk. Artxiboko argazkia: EFE
Altzairu goriko xafla batzuk.

Altzairu goriko xafla batzuk. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBk beste herrialde batzuetatik inportatzen dituen altzairu eta aluminioari % 25eko muga-zergak jarriko dizkiola eta, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) siderurgiaren sektorea kezkatuta dago neurriak Europako merkatuan eragingo duenaz, batez ere Txinako "altzairu merkez josita geratzen" bada.

Hala azaldu du Asier San Millan Siderex siderurgia klusterraren idazkari nagusiak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Izan ere, argitu du Asiatik datorren altzairua "low cost edo merkea" dela eta ez dituela Europako enpresen "joko-arauak betetzen". Hori horrela, AEBren muga-zergak direla eta, Asiako burdingintza enpresak Europara jotzen badute, "altzairuz gainezka" geratuko litzatekela merkatua, eta horrek prezioak merkatzea ekarriko luke.

Hori saihesteko, neurri protekzionistak "berehala" hartzeko eskatu dio Europako Batzordeari. "AEBn, ohetik altxatzen da gizon bat eta halako neurriak hartzen ditu. Europan ez dugu horren arin jokatzen", deitoratu du. 

Dena dela, azpimarratu du muga-zerga berri horiek ez dutela egoera "asko aldatuko", izan ere, azaldu duenez, Trumpek berak, bere lehen agintaldian, altzairuari muga-zergak ezarri zizkion 2018an eta Joe Bidenek ez zituen guztiz kendu.

Hori gorabehera, Siderexek nabarmendu duenez, "bistan denez, enpresa batzuek beste batzuek baino gehiago sufrituko dute".

EAEko siderurgiaren hirugarren bezeroa da AEB, Alemania eta Frantziaren ondotik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Brusela Ameriketako Estatu Batuak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Metalgintza