Ekonomia -
Ganadutegia
Debako Saka ganadutegiak abelburu guztiak hil behar izan ditu, tuberkulosi agerraldi baten ondorioz
Bere sare sozialetan zabaldutako ohar batean, "jai herrikoietara bideratutako abelburu bizien Euskadiko ganadutegi zaharrenak" adierazi duenez, "egoera honi ahalik eta jokaera sendo eta irmoenarekin aurre egin eta gure animaliek erakutsi diguten bideari jarraitzeko intentzio osoa" dute.
Agentziak | EITB Media
Debako Saka ganadutegiak bere abelburu guztiak, 160 buru, sakrifikatu behar izan ditu tuberkulosi agerraldi baten ondorioz. Ganadutegiak berak eman du erabakiaren berri sare sozialetan: "Gogorra zaigu onartzea Saka ganadutegiko animalia guztiak desagertuko direla, zoritxarrez tuberkulosiaren intzidentziari ezin izan diogu aurre egin, ez gara gai izan egoerari buelta emateko".
Oharrean adierazi dutenez, "egoera honi ahalik eta jokaera sendo eta irmoenarekin aurre egin eta gure animaliek erakutsi diguten bideari jarraitzeko intentzio osoa" dute. Mende askotako lana eta ganadutegiak izan duen garrantzia ukaezinaz jabetuta, "ez gara kikiltzen diren horietakoak", esan dute, eta nabarmendu dute ez dutela utziko euren izena hiltegian desagertzen.
"Ez da berdina izango, baina guk berdinak izaten jarraituko dugu. Arraza eta mundu hau gehiegi maite dugu dena ezerezean geratzeko", esan dute oharrean, eta "beraien ohorea azaleratzeko, guregatik eta denongatik egin duten guztia eskertzeko eta soka eten ez dadin" lanean jarraituko dutela azpimarratu dute, "kosta ahala kosta".
Eskerrak eman dizkiete hainbeste urtez euskarri eta babesle izan direnei, "errekortari, zaletu, ganaduzale, enpresa, udaletxe eta lagunei orokorrean", eta gaineratu dute horiekin errazagoa izango dela "gaurko zulo beltzetik ateratzea".