Ekonomia -
Industria
Oñatiko Stadler lantegiak bere ateak itxi eta behargin guztiak, 58, kaleratuko ditu
Enpresak automobilgintza sektorerako sintetizatutako pieza metalikoak ekoizten ditu, eta 2024ko uztailetik dago hartzekodunen konkurtsoan. ELAren ustez, "guztia zuzendaritzaren kudeaketa eskasaren ondorioa da".
Agentziak | EITB Media
Oñatiko Stadler SA enpresak 58 langile kaleratzeko lan-erregulazioko espedientea abiatu du.
Lantegiak automobilgintza sektorerako sintetizatutako pieza metalikoak ekoizten ditu, eta 2024ko uztailetik dago hartzekodunen konkurtsoan.
ELA sindikatuak ohar batean azaldu duenez, Stadler "inbertitzaile falta argudiatuta" hasi da lan-erregulazioko espedientea izapidetzen, eta, likidazio fasean sartuta, "kaleratze kolektiboak proposatu dituzte".
Zuzendaritzaren hitzetan, salmenten jaitsierak eragin du itxiera; izan ere, "salmentak jaitsi direnez, ezin diete gastuei aurre egin".
Testuinguru horretan, 58 beharginek osatutako plantilla osoari eragingo dion erregulazioa aplikatzen hasi dira, eta "datozen hilabeteetan kaleratuko dituzte".
ELAren ustez, "guztia enpresaren kudeaketa txarraren ondorioa da". "Ez da egun batetik bestera gertatu den kontu bat, eta Stadlerrek ez ditu egoerari buruzko azalpenak behar bezalako gardentasunez eman. Itxiera honen erantzukizuna enpresarena da, eta, beste behin, ondorioak pairatzen dituztenak langileak dira", deitoratu du.