Ekonomia -
Espetxeak
Arabako espetxeak 32 pertsona kontratatu, eta presoen komunikazioak berreskuratu ditu
Espetxeko langileak "ezkutuko greba" egiten ari diren ikertzen ari da epaile bat.
Agentziak | EITB MEDIA
Arabako espetxeak 32 pertsona kontratatuko ditu hurrengo egunetan, eta presoen eta haien senideen, gertukoen eta abokatuen arteko komunikazioak berreskuratuko ditu gaur arratsaldean. Orain arte etenda izan dira komunikazioak, langile faltagatik.
Benito Aguirre espetxeko zuzendariak agerraldia egin du gaur, kartzelaren egoeraren berri emateko. Izan ere, epaile batek ikerketa abiatu du, bertako langileak "ezkutuko greba" egiten ari diren egiaztatzeko, eta UGTk ohartarazi du espetxe-sistemak "porrot" egin lezakeela.
Abenduaren 4tik, Arabako espetxeko 73 langilek baja hartu dute, eta ondorioz "salbuespen neurriak" hartu behar izan dituzte bertan, hala nola funtzionarioek aparteko ordu gehiago egitea, presoen komunikazioak etetea eta aisialdi jarduerak bertan behera uztea.
Testuinguru horretan, Aguirrek azaldu du gaur goizean 10 bitarteko langile hasi direla lanean, eta horren ondorioz komunikazioak berreskuratu ahalko dituztela gaur arratsaldean. Gainerako zerbitzuak datorren astetik normalduko dira.
Horren esanetan, abenduaren 4tik egun bakarra baino ez dituzte gelditu presoen tailerrak, eta helburua da hemendik aurrera ere normal funtzionatzen jarraitzea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak beste 22 pertsona kontratatuko ditu astelehenetik.
Espetxeko zuzendariak berretsi du presoei funtsezko eskubideak bermatu behar zaizkiela. Horregatik, komunikazioak berreskura ditzaten, presooi tabletak entregatzea aurreikusi zuten, baina azkenean ez da beharrezkoa izango.
UGTk "gehiegizko aparteko orduak" egiten direla salatu duela eta, Aguirrek zehaztu du ordu estra horiek "borondatezkoak" direla, eta hori "justua eta legala" dela.
Kartzelako buruak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak espetxe transferentzia jaso duenetik, "nabarmen" igo da preso kopurua, presoek kondena jaioterritik gertu bete dezaten. Gainera, presoen profila "konplexuagoa" dela ere ohartarazi du.