Ekonomia -
GARRAIO PUBLIKOA
Garraio publikoan doakotasuna 12 urtera arte zabaltzea aztertzen ari da Gipuzkoako Aldundia
Ildo beretik, Arabako Batzar Nagusiek ere, 12 urtetik beherakoentzako garraio publikoa doan izatea eskatu zuten atzo, eta eskari hori jasotzen zuen mozio bat onartu zuten.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak joan den irailean iragarritako asmoen bidetik, Gipuzkoako Aldundiak ere nahi du garraio publikoa doakoa izatea 12 urtetik beherako haurrentzat. Oraingoz, 6 urtetik beherakoek dute doan garraio publikoa.
Lurraldebusen udako balantzearen berri emateko egindako agerraldian iragarri zuen, atzo, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu diputatuak aurrera begirako asmoen berri. Esan zuenez, 12 urtera artekoentzako doakotasunaz gain, garraio publikoan egun ezarrita dauden deskontuei eutsi nahi diete.
Egun, % 50eko deskontua dute herritarrek lurraldeko garraio publikoan — % 30 Espainiako Gobernuak finantzatuta eta % 20 Gipuzkoako Aldundiak— , baina hobari hori abenduaren 31n amaituko da berez. Dominguezek ziurtatu zuenez, Espainiako Gobernuak hobaria kentzea erabaki arren, Aldundiak eutsi egingo dio bereari.
Ildo beretik, Arabako Batzar Nagusiek ere, 12 urtetik beherakoentzako garraio publikoa doan izatea eskatu zuten atzo, eta eskari hori jasotzen zuen mozio bat onartu zuten. Proposamena Elkarrekin Arabak eraman zuen, eta oposizioko taldeen aldeko botoarekin egin zuen aurrera —EH Bildu, PP eta Elkarekin Araba—.
12 urtetik beherakoentzat garraio publikoa modu iraunkorrean doan izatea du helburu Eusko Jaurlaritzak, eta proposamen hori eraman du jada Euskadiko Garraio Agintaritzaren batzordera. Susana Garcia Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak iragarri zuen neurria, joan den irailean, legealdi berrirako bere Sailak dituen ardatzak azaltzeko Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian.