Ekonomia -
LANGABEZIA
3.400 langabe gutxiago daude Euskadin, eta langabezia-tasa % 7,1era jaitsi da hirugarren hiruhilekoan
4.500 landun gehiago zenbatu dira, eta, guztira, 997.100 landun daude, 1985etik izan den hiruhilekoko emaitzarik altuena.
EITB MEDIA
Eustaten datuak kontuan hartuz, eta EAEko lan-merkatuko 2024ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, aurreko hiruhilekoan baino 4.500 landun gehiago eta 3.400 langabe gutxiago daude.
Langabeak 76.700 eta landunak 997.100 direla zenbatetsi da 2024ko hirugarren hiruhileko honetan, hau da, hiruhilekoko emaitzarik handiena 1985etik.
EAEko langabezia-tasa % 7,1ekoa da, 2024ko bigarren hiruhilekoan baino ehuneko lau hamarren gutxiago. Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56,5ekoa izan da 2024ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago.
Lurraldez lurralde aztertuta, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian 3.900 landun gehiago daude, Gipuzkoan 2.500 gehiago eta Araban 2.000 landun gutxiago. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 2.200 pertsona gehiago ari dira lanen, Donostian 600 eta Gasteizen 3.000 lagun jaitsi da.
Okupazioaren hazkundea gizonen artean gertatu da (+ 6.100); emakumeen artean, berriz, 1.600 gutxiago dira. Jatorriari dagokionez, atzerritar okupatuak 3.800 gehiago dira (+ % 4,2), eta espainiarrak, berriz, 700 gehiago (+ % 0,1).
Okupazioak gora egin du sektore guztietan, lehen sektorean izan ezik
EAEko biztanleria landunak gora egin du zerbitzuetan, 3.200 pertsona gehiago dira, alegia (+ % 0,4), 1.300 pertsona gehiago eraikuntzan (+ % 2,4) eta 700 lagun gehiago industrian (+ % 0,4); lehen sektorean, ordea, behera egin du, 700 pertsona (- % 7,4) gutxiago dago lanean.
Hamar etxetatik ia seitan biztanle aktibo guztiak landunak dira
2024ko hirugarren hiruhilekoan, EAEn 923.600 etxe inguru daudela zenbatetsi da, eta horietatik heren batean ez dago biztanle aktiborik, aurreko hiruhilekoan baino 900 gehiago; hamar etxetatik ia seitan biztanle aktibo guztiak landunak dira, 200 familia gutxiago. Biztanle aktibo guztiak langabezian dituzten familiak 27.200 dira, aurreko hiruhilekoan baino 1.100 gutxiago.