Ekonomia -
Lana
Lan-istriputzat hartu dituzte Osakidetzako langile bati covidak eragindako ondorioak
Lagileak lanpostuan harrapatu zuen gaitza, 2020ko osasun-krisialdian. ESK sindikatuak adierazi du epaian egiaztatu dela "egungo bere egoerak infekzioarekin duen lotura".
Agentziak | EITB Media
Epaitegi batek lan-istripu gisa jo ditu Osakidetzako langile bati lanpostuan hartu zuen COVID birusak eragin dizkion ondorioak. Epaia irmoa da, Osakidetzak eta Mutualiak ez dutelako errekurtsorik jarri.
ESK sindikatuak irailaren 17an jakinarazi zuen epai batek, lehen instantzian, lan-istriputzat aitortu zituela langile horrek pairatzen dituen ondorio kaltegarriak. Orain epaia irmoa dela jakinarazi diete, ez delako horren aurkako errekurtsorik aurkeztu.
Langileak 2020ko osasun-krisialdian hartu zuen COVID-19 birusa, lanean ari zen bitartean, eta, sindikatuak adierazi duenez, epaian egiaztatu zen "egungo osasun-egoeraren arrazoia infekzio hura dela".
ESK pozik agertu da bai Osakidetzak bai Mutualiak epai horri helegiterik ez jartzea erabaki dutelako, eta "planteatutako argudioak ontzat eman dituztelako".