Ekonomia -
LANALDIA
Diazek ukatu egin du lanaldia 37,5 ordura murrizteko aukera 2026ra atzeratzea proposatu duenik
Ukatu bakarrik ez, gaiaren inguruan patronalak eta PPk duten jarreran jarri du azpimarra ministroak, "akordiorako aukerak" ikusten dituelako.
AGENCIAS | EITB MEDIA
"Guztiz faltsua da". Hitzokin gezurtatu du Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Lan ministroak lanaldia 37,5 ordura murriztearen inguruan atzo CCOO sindikatuak zabaldutakoa. Espainiako Gobernuak lanaldia 37,5 ordura murrizteko proposamena 2026tik aurrera aplikatzea nahi duela esan zuen atzo Mari Cruz Vicente, CCOOko ordezkariak, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren bileraren ondoren. "Asmoa da 2025ean 38,5 orduko lanaldia ezartzea, eta 2025eko abenduan 37,5ekoa; alegia, 2026an", esan zuen Vicentek.
Berehala etorri da ministroaren erantzuna. Ziurtatu du "guztiz faltsua" dela CCOOk esandakoa, eta atzoko bileraren "garrantzia" nabarmendu du, patronala "mugitzeko" eta "urratsak emateko" prest dagoela esanez, lanaldiaren inguruan akordio batera iristeko.
Kongresuko pasilloetan egin ditu adierazpenok Diazek. Bere hitzetan, "gizartearentzat garrantzitsuenetakoa" den gai honetan "akordiorako aukera" badago, eta horretarako, gehitu du, "jarrera positiboarekin" egin behar da lana.
Patronalaren jarrera bakarrik ez, PPrena ere azpimarratu du ministroak, "eztabaidatzeko prest" ikusten baititu popularrak.