Ekonomia -
Araba
Arabako Ogasunak 1.755,7 milioi euro bildu ditu abuztura arte, 2023an baino % 1,4 gehiago
Zerga zuzenetatik jaso du diru gehien (iaz baino % 2,5 gehiago); guztira, 915,3 milioi euro (iaz baino 22,3 gehiago).
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arabako Ogasunak 1.755,7 milioi euro bildu ditu abuztura arte, 2023an baino % 1,4 gehiago.
Zerga zuzenetatik jaso du diru gehien (iaz baino % 2,5 gehiago); guztira, 915,3 milioi euro (iaz baino 22,3 gehiago).
Kontrara, zerga ez zuzenetatik bildutako diru kopuruak % 0,8 egin du behera (5,7 milioi euro). Hain zuzen ere, urteko lehen zortzi hilabeteetan 684,2 milioi euro bildu ditu bide horretatik.
Zerga zuzenen kasuan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik (PFEZ) 655,9 milioi euro jaso ditu, 2023ko tarte berean baino 10,3 milioi gehiago (% 1,6).
Laneko atxikipenak ere % 6,7 igo dira, 701,5 milioi euro bildu baititu horien bidez, iaz baino 44 milioi gehiago.
Uztailera arte bildutako diru kopuruak, era berean, erakusten du errenta aitorpenaren kanpainan itzultze kopurua gehiago hazi zela diru sarrerena baino. Hain zuzen ere, 2023an baino 44,9 milioi euro itzuli ditu Arabako Ogasunak aurten. Horretan bi faktorek izan dute eragina: batetik, oraindik zabalik dago PFEZa ordaintzeko zabaldutako bigarren epea, eta bestetik, mutualitateen aferarekin lotuta Auzitegi Gorenak emandako ebazpena aplikatuta, zergadunei zegokien dirua itzuli behar izan die Ogasunak abuztuan.