Ekonomia -
AHT
'Euskal Y'a eta Nafarroaren arteko lotuneari buruzko txostena urte amaierarako egotea espero du Santanok
Espainiako Gobernuko Estatu idazkariak "lasaitasuna" eskatu du, eta agindu du azken erabakia hiru gobernuek (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua) adostutakoa izango dela, behin datu tekniko guztiak mahai gainean izanda.
EITB MEDIA
'Euskal Y'a eta Nafarroa nola lotuko diren argitu gabe dago gaur-gaurkoz, eta Ezkioren edo Gasteizen alde egiteko erabakigarria izan daitekeen txosten teknikoa urte amaierarako egotea espero du Jose Antonio Santano Espainiako Garraio idazkariak.
Mugikortasunari buruz Bilbon egin diren jardunaldietan parte hartu aurretik kazetarien aurrean azaldu duenez, auzi horri buruzko iritzi guztiak "errespetagarriak" dira. EAJ eta PSE-EEk koalizioan gobernatzen duten Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek iritzi kontrajarriak dituzte: lehenak, Gasteizko lotunea defendatu du; bigarrenak, Ezkiokoa.
Atzo, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia Gasteizko lotunearen alde lerratu zen, itxuraz "alternatiba jasangarriena" dela iritzita.
Gaur Estatu idazkariak "lasaitasuna" eskatu du eta erabakia hiru gobernuek (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua) "elkarrekin" hartuko dutela gaineratu du, behin "datu tekniko guztiak mahai gainean" dituztenean.
Halaber, ez du argitu noiz egongo den prest txosten teknikoa, baina "laster" izango dela eta urte amaierarako egon daitekeela nabarmendu du.