Ekonomia -
LANALDIA
Lan astea 37,5 ordura murrizteko negoziazioei berrekingo diete gaur Espainiako Gobernuak eta eragile sozialek
Uda aurretik egindako azken bileran, patronalak "malgutasuna" eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta gaurko hitzorduan, espero da malgutasun horri bide emango lioketen proposamenak aurkeztuko dituela Lan Ministerioak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lan astea 37,5 ordura murrizteko negoziazioei berrekingo diete gaur Espainiako Gobernuak eta eragile sozialek. 10:30ean hasi da bilera, eta bertan parte hartuko dute Lan eta Ekonomia Sozialerako Ministerioko ordezkariek, batetik, eta CCOO eta UGT sindikatuetako eta Cepyme eta CEOE patronaletako kideek, bestetik.
Soldatak murriztu gabe, asteko lanaldia 40 ordutik 37,5era jaistea. Hori da Gobernuaren asmoa. Uda aurretik egindako azken bileretan akordio zehatzik adostea lortu ez bazuten ere, aldeek nabarmendu zuten jarrera "eraikitzailea" izan zela. Besteak beste, patronalek neurria aplikatzeko malgutasuna eskatu zioten Ministerioari, eta azken horrek konpromisoa agertu zuen malgutasun horri bide emango lioketen proposamenak ekartzeko gaurko bilerara.
Murrizketa 2025 urtean zehar ezartzea, mailakatuta eta pixkanaka, nahiko luke Lan Ministerioak. Enpresaburuek, beren aldetik, eskatzen dute lan murrizketak eragina izan dezala aurrerantzean negoziatuko diren hitzarmenetan, indarrean daudenetan eraginik izan gabe.
Joan den astean egindako adierazpenetan, Joaquin Perez Rey Estatuko Lan Idazkaritzaren arduraduna "baikor" agertu zen, eta aurreratu zuen proposamen berriak jarriko dituztela mahai gainean asteleheneko hitzorduan.
CCOO eta UGT sindikatuek lanaldia 37,5 ordura murrizteko iragarritako mobilizazioei buruz, Perez Reyk "errespetua" agertu zuen, "aldarrikapen zilegiak" direlako. "Halere, mobilizaziorik behar ez izatea eta akordioa lehenbailehen lortzea espero dugu", zehaztu zuen.