Ekonomia -
Lan-gatazka
Euskaltelen langile-batzordea MasOrangek aurkeztutako erregulazio-txostenaren "erabat" aurka agertu da
Lanpostuak berregokitzeko deia egin du, jarduera batzuetarako "jende falta" dutelako.
agencias | eitb media
Euskaltelen enpresa Batzordeak "erabat" errefusatu du MasOrangek aurkeztu duen borondatezko lan erregulaziorako espedientea, eta lanpostuak berregokitzeko deia egin du, jarduera batzuetarako "jende falta" dutelako.
Orangeren eta MasMovilen arteko fusiotik sortu zen MasOrange konpainiak gaur jakinarazi die langileei espedientea, 795 behargini (ez dute zehaztu zein ataletan) eragingo diena, Orangek eta MasMovilek bat egin dutenean "antolakuntza bikoiztasunak" sortu direla argudiatuta.
Orange Espagne, Orange España Comunicaciones Fijas, Xfera Moviles, Lorca telecom Bidco, R Cable, Telecable eta Euskaltel enpresei eragingo die espedienteak. MasMovilek 2021ean erosi zuen euskal operadorea.
Euskalteleko langile-batzordearen presidenteak, Javier Blanco CCOO Euskadikoak, azaldu du gaur eman dietela erabakiaren berri, baina oraindik ez dietela zehaztu zein izango den eragina enpresa bakoitzean.
Orain, 15 eguneko epea dago negoziazio-mahaia osatzeko, eta osatu ostean, hilabete edukiko dute txostenaren baldintzak negoziatzeko.
Blancok gogorarazi du Meinrad Spenger MasOrangen zuzendari nagusiak "inolako lan erregulazioko espedienterik ez egitea" hitz eman duela "behin baino gehiagotan azken hilabeteetan".
Bere ustez, ez da "onargarria" espedientea aurkeztea: "Jarduera asko dago, emaitza positiboak ditugu, eta egin beharko litzatekeena lanpostuak berregokitzea izan beharko litzateke".
Izan ere, "langileak falta" dira jarduera batzuk egiteko eta, ondorioz, ez da espediente bat aurkeztu behar, baizik eta lanpostuak "berregokitu". "Banaketa eta antolaketa ona izan behar dugu, eta horixe da horrelako mugimenduetan falta izaten dena", azpimarratu du.