Ekonomia -
Garraioa
Talgok gora egin du burtsan, Hungariako enpresaren EEPari jarritako betoak eragindako amiltzearen ondoren
Talgoren akzioek goranzko bideari ekin diote pixkanaka asteazken goizean, eta 3,965 euroan kotizatu dira.
Agentziak | EITB Media
Talgo enpresaren akzioek % 1,02 inguru gora egin dute burtsan, asteazken goizean. Asteartean ia % 9 amildu ziren Arabako Ribavellosan lantegia duen enpresaren tituluak, Espainiako Gobernuak Hungariako enpresa-talde batek aurkeztutako Erosteko Eskaintza Publikoari (EEP) uko egin ziola jakin ostean.
Asteazken goizean, aldiz, 3,965 euroan kotizatu dira eta baitaratzen hasi direla ematen du. Izan ere, astearteko burtsa-saioaren amaieran 3,925 euroan zeuden, eta Espainiako burtsako zigortuenak izan ziren, % 8,72 galduta. Gainera, bi orduz baino gehiagoz kotizatu gabe egon zen, eta une batzuetan % 10erainoko atzerakada izan zuen.
Erorialdiaren arrazoia Estatuko Gobernuak Ganz-Mavag Hungariako enpresa-taldeak jaurtitako EEParen aurka zegoela jakinarazi zuela izan zen. Segurtasun nazionalerako eta ordena publikorako arriskuak ekar zezakeela argudiatu zuen, talde horretako enpresaburu Errusiarekin izan ditzaketen harremanagatik.