Ekonomia -

LAN-ISTRIPUA

63 urteko langile bat hil da Berangon, etxe bateko eraikuntza lanetan

Atzo izan zen ezbeharra, 15:00ak inguruan. Antza, eraikuntza lanetan ari zela, koadro elektriko bat buru gainera erori zitzaion. Tokian bertan zendu zen. Azken heriotza honekin, gutxienez 35 dira Euskal Herrian aurten lan istripuz hildakoak. Sindikatuek bi protesta deitu dituzte ostegunerako.

Osalaneko teknikariak, istripua izan den lekuan, Berangon. Argazkia: EITB Media
Berango, gaur.
Osalaneko teknikariak, istripua izan den lekuan, Berangon. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

63 urteko langile bat hil zen atzo arratsaldean Berangon, txalet baten eraikuntzan lanetan. Ertzaintzak jakitera eman duenez, koadro elektriko bat erori zitzaion buru gainera gizonezkoari eta tokian bertan hil zen.

Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak hartu du bere gain ikerketa.

LAB sindikatuak ezbeharra salatu du, eta gertatutakoa argitzeko "ikerketa sakona" eskatu.

Azken heriotza honekin, gutxienez 35 dira Euskal Herrian aurten lan istripuz hildakoak, gaixotasun profesionalen ondorioz hildakoak kontuan hartu gabe, sindikatu abertzaleak ohar batean azaldu duenez.

"Istripuak ez dira halabeharraren ondorio, eta, aldiz, lan-baldintza kaskarren eta osasunaren gainetik etekinak lehenesten dituen ekoizpen ereduaren ondorio dira. Produktibitatea osasunaren eta bizitzaren gainetik jartzen duen eredu honek ezartzen dizkigun bizi eta lan baldintzak gure osasunarekin ordaintzen ditugu langileok", salatu du.

"Patronalak absentismoari buruz egiten duen eztabaida antzuaren aurrean, honen benetako kausetara jo gabe, herri eta lan munduan benetan aldatu behar dena politika publikoak dira, patronala kontrolatzeko eta kontrol, zigor eta ikuskapenak ezartzeko, benetako eredu-aldaketa bati begira, non, behin eta berriz esan dugun bezala, bizitza eta prebentzioa lehentasunezkoak izango diren", erantsi duenez.

LAB, Hiru, ESK, Steilas eta EHNE-Etxalde sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostegunerako, 11:30ean, "Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hil egiten gaituzte" lelopean, Jesusen Bihotza plazan (BIEBA aurrean), Bilbon. Egun berean, baina arratsaldean, 19:00etan, beste protesta bat egingo dute Berangoko pilotalekuaren aurrean, "Kapitalismoa hiltzailea!" lelopean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Berango