Ekonomia -
Lana
UGT eta CCOO irailean mobilizatuko dira, uztailaren 29ko bileran lanaldia murrizteko aurrerapausorik ez badago
Gaurko bileran, Lan Ministerioak 37,5 orduko lanaldia pixkanaka aplikatzea proposatu du, horrela, CEOE eta Cepyme barne hartzen dituen akordio bat lortu nahi du, baina patronalak uko egin dio berriro, "negoziazio kolektiboan jada lantzen delako".
Agentziak | EITB Media
UGT eta CCOO sindikatuek ohartarazi dutenez, datorren uztailaren 29an egingo duten bileran lanaldia murrizteko aurrerapausoak eman ezean, mobilizazio sorta deituko dute irailaren hasierarako, nahiz eta negoziatzen jarraitu.
Mari Cruz Vicente CCOOko ekintza sindikaleko idazkariak gaur lanaldi murrizketari buruz egindako batzarraren ostean azaldu duenez, une honetan "negoziazio begiztan" daude, proposamen zehatzik ez dagoelako eta ez dutelako aurrera egiten. "Negoziazio mahaian nolabaiteko trabak daudela sentitzen dugu", adierazi du Vicentek.
Gaurko bileran, Joaquin Perez Rey Estatuko Lan eta Gizarte Ekonomiako idazkariak 37,5 orduko lanaldia pixkanaka aplikatzeko aukeraren inguruan lan egiteko borondatea azaldu die gizarte eragileei, 2025ean zehar epe malguagoak ezarriz, eta, horrela, CEOE eta Cepyme barne hartuko dituen akordio bat lortu nahi du.
Fernando Lujan UGTko Politika Sindikaleko idazkariorde nagusiarentzat, neurria ezin da gehiago atzeratu, baina aplikazio epe bat finkatzeko eta hitzarmenak lanaldietara egokitzeko "malguak" izateko prest daude.
Sindikatuek eskua luzatu diote patronalari "XX. mendea atzean utzi eta XXI. mendean sartzeko". "Haiekin negoziatzen saiatuko gara, nekatu arte. Baina helburu ukaezina da", azpimarratu du Lujanek.
Hala ere, patronaleko iturriek azaldu dutenez, CEOEk uko egin dio lanaldia murrizteari, "negoziazio kolektiboan lantzen den elementua delako".
Bestalde, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak gai horri buruz hitz egin du gaur Kongresuan, eta Espainiako Gobernuari gehiago ez itxaroteko eta lanaldia murrizteko eskatu dio, "patronalari gustatu ala ez".