Ekonomia -

BIEMH-REN 32. EDIZIOA

Makina-erremintaren erronkak: digitalizazioa, robotizazioa, automatizazioa eta etengabeko prestakuntza

Euskal Herriko makina-erremintaren sektorea puntako teknologia eskatzen duen makina handietan eta soluzio konplexuetan espezializatu da azken urteetan. Bide horretan aurrera egiteko berritzen jarraitzea eta langileen trebakuntza handitzea du helburu epe ertainean.

Makina-erreminta sektorearen erronkak. Irudia: EITB Media.
Makina-erreminta sektorearen erronkak. Irudia: EITB Media.
Makina-erreminta sektorearen erronkak. Irudia: EITB Media.

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Makina-Erremintaren Biurteko Azokak (BIEMH) astelehen honetan zabalduko ditu ateak Barakaldoko BEC erakustazokan, industriaren etorkizuna izango diren ezagutza, teknologia eta aukera berriak gerturatzeko asmoz. Ostiralera arte, 29 herrialdetatik etorritako 1.500 enpresak baino gehiagok euren nobedadeak, produktuak eta zerbitzuak erakutsiko dituzte BECeko azokarik handienean.

Sektorea abiadura handian ari da aldatzen. Ixaka Egurbide IMH Campuseko zuzendari gerentearen hitzetan, duela urte batzuk arte, sektore oso sendoa izan da mekanizazio eta mekatronika arloetan; makina estandarrak egiten ziren, pieza txikiak, eta soluzio orokorrak eskaintzen ziren.

Azken urteetan, salto handia eman dela azpimarratu du Egurbidek, fabrikazio prozesuetan sortzen diren premia gero eta konplexuagoei erantzunak eman ahal izateko. Makinen eta prozesuen automatizazioa, digitalizazioa eta robotizazioa ez dira etorkizuna, bertan daude jada. Urteak dira makinek sarean lan egiten dutela, produktuaren fabrikazio-prozesu osoa monitorizatuz, horrela sor daitezkeen arazoei aurrea hartu eta zuzendu ahal izateko. Bestetik, teknika berriak agertu eta zabaltzen hasi dira, fabrikazio aditiboa (3 dimentsiotako inpresioa), adibidez .

Era berean, IMH Campuseko zuzendariaren arabera, Euskal Herriko arlo honetako enpresak pieza handietan eta balio erantsia duten soluzio konplexuetan espezializatu dira eta sektore konkretu batzuei erantzunak emateko prestatu dira, eolikoari edota aeronautikari, esate baterako.

Hain zuzen ere, Xabier Ortueta Makina-Erreminten, Osagarrien, Osagaien eta Erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteko (AFM) zuzendari nagusiak espezializazioaren abantailak aipatu zituen biurteko azokaren aurkezpenean: "Makina handiak eta konplexuak ekoizteak lehiakor bihurtzen du euskal sektorea Txina bezalako lehiakideen aurrean".

Euskal enpresa askok inbertsio handiak egin dituzte teknologia horietan, eta IMH Campus zentroa, besteak beste, horiek trebatzen espezializatu dira. Hain zuzen ere, Egurbideren esanetan, epe labur eta ertaineko erronka aurrerapen horietan sakontzea eta sektore osora zabaltzea izango da.

Alabaina, IMH Campuseko zuzendariaren aburuz, teknologia bezain garrantzitsua dira pertsonak eta horien trebakuntza. Teknologiaren aurrerapenetara egokitzeko, etengabeko trebakuntza derrigorrezkoa izango dela barneratu beharra daukagula uste du.

Hain zuzen ere, Elgoibarko ikastetxean, unibertsitateko edo LHko ikasketak egiten dituzten ikasle gazteez gainera, ezagutza berriak jaso nahi dituzten 1.500 langile hartzen dituzte urtero. Era berean, ikastetxeak lantokietan prestakuntza-ikastaroak egiteko aukera ere eskaintzen du, enpresa horietan dituzten baliabideak eta materialak erabiliz.

Ixaka Egurbide (IMH) : ''Zientzia eta ingeniaritza profiletako profesionalak behar ditu sektoreak''
Ixaka Egurbide (IMH) : ''Zientzia eta ingeniaritza profiletako profesionalak behar ditu sektoreak''
Ixaka Egurbide (IMH) : ''Zientzia eta ingeniaritza profiletako profesionalak behar ditu sektoreak''

1:58
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Elgoibar argazkiak LH azken ordukoa Industriaren azken ordukoak EAE gaur Euskal enpresak azken ordukoa Bilbao Exhibition Centre Ekonomia berriak Albisteak Gaur Albisteak Azokak