Ekonomia -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Epe motzean Europako ekoizpena babesteko muga-zergak jartzea defendatu du Ucinek, AEBren bideari jarraituz

Mondragon Korporazioko presidentearen arabera, "epe motzean ez dago beste erremediorik". Hala ere onartu du muga-zergak neurrian aplikatu behar direla, kontrara Txinak ere neurriak har ditzakeelako.

Mondragon Korporazioko presidentea Euskadi Irratian
Mondragon Korporazioko presidentea Euskadi Irratian
Mondragon Korporazioko presidentea Euskadi Irratian

O. A. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko presidenteak Europako ekoizpena defendatzeko beharra aldarrikatu du, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) egin bezala muga-zergak jarriz eta bertan ekoiztea diruz lagunduz, Txinaren aurrean babesteko. "Epe motzean ez dago beste erremediorik bertako produkzioa defendatzeko", nabarmendu du.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, Europak mugitu beharra dauka eta "oraingoz ez du ezer egin". Ezer egin ezean, industria fotovoltaikoarekin edota eolikoarekin gertaturikoa errepikatuko dela ohartarazi du. Hala ere, Mondragon Korporazioko presidenteak onartu du muga-zergak neurrian aplikatu behar direla, kontrara Txinak ere neurriak har ditzakeelako.

Langile eskasia gero eta handiagoa dela aitortu du eta "oreka lortzeko bide bakarra jendea kanpotik ekartzea" dela uste du. "Zenbat eta lehenago hasi eta planifikazio handiagoarekin, hobeto". Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateak Mexikoko Queretaro hirian duen fakultatea eredu gisa jarri du. Izan ere, bertan ikasketak egiten dituztenak Euskal Herrira erakartzen hasita daude, "bertan gelditzeko bizitza eta lan proiektu on batekin".

Trantsizio energetikoari buruz galdetuta, ezarritako epeak betetzea oso zaila izango dela uste du. "Nik oso zaila ikusten dut dauden helburuak betetzea, hori denborak esango du, espero dut gauzak ajustatzea errealitatera", gehitu du.

Adimen artifizialak pertsona berdinekin "gehiago" eta hobeto" egiteko aukera emango duela azpimarratu du. Horren ustez, "ahalik eta azkarren" aplikatu behar den teknologia da: "ez duena aplikatzen ez da atzean geldituko, baizik eta ez da existituko".

Azkenik, eskubide urraketak egiten dituzten herrialdeekin harreman komertzialak birplanteatzearen alde hitz egin du. "Uste dut horrelako motiboak daudenean ez dagoela gaizki planteatuta", gaineratu du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eroskiren albisteak Fagor gaur Laboral Kutxa berriak Mondragon korporazioa argazkiak Mondragon Unibertsitatea argazkiak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Albisteak Irratia euskaraz