Ekonomia -
Energia berriztagarriak
Eibar, Elgeta eta Bergara artean parke eoliko bat eraikitzeko baimena eskatu du Arena Power Solar enpresak
Basalgo parkea litzateke Gipuzkoako handiena, 6 aerosorgailu eta ia 40 Megawatteko potentziarekin. Eskaera hau beste baten biharamunean dator, izan ere ostegunean Hernanin Ikatz Gane parkea eraikitzeko eskaera iritsi zen. Bi hauekin, zazpi lirateke Gipuzkoan egin asmo diren parke eolikoak.
EITB Media
Hogeita lau ordu pasatxoan bi eskaera berri jasota, Gipuzkoako lurretan eraiki asmo diren zazpi parke eolikoren proiektuak ditu esku artean Eusko Jaurlaritzak, fase administratibo desberdinetan,
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mahai gainera iritsi den azken karpeta Arena Power Solar enpresa espainiarrarena izan da, Eusko Jaurlaritzari aldez aurreko administrazio-baimena eskatu baitio enpresa honek Eibar, Elgeta eta Bergarako lurretan parke eoliko bat eraikitzeko. Proiektuaren arabera, Basalgo parkea, bere 6 aerosorgailuekin eta ia 40 Megawatteko potentziarekin, Gipuzkoako handiena izango litzateke.
Maiatzaren 15ean iragarri zuen Gipuzkoako Industria Administrazioaren lurralde-ordezkari Agustin Arostegik, bazetorrela, baina, ostiral honetan egin da ofizial eskaera, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratuta.
Hain zuzen ere GAOren bitartez jakin du proiektuaren berri Bergarako alkate Gorka Artolak (EH Bildu), eta EITB Median egindako adierazpenetan esan duenez, "zuhurtzia osoz" landuko dute gaia. Nabarmendu duenez, Udalak proiektuari buruzko dokumentazio guztia eskatuko du eta sakon aztertuko du, "erabaki egokia" hartu ahal izateko.
Ildo horretan, Artolak nabarmendu du proiektu "oso delikatuak" direla eta "era guztietako iritziak" sortzen dituztela; beraz, beharrezkoa izango da proiektuaren azterketa "sakona" egitea.
Beste eskaera batetik 24 ordura dator eskaera berri hau. Izan ere, ostegunean GAOn argitaratu da Enigma Green Power 26 enpresak Hernanin Ikatz Gane izeneko parkea eraikitzeko aldez aurrezko administrazio-baimen eskaera. Parke horrek 33 Megawatteko potentzia izango luke, Adarra eta Zaburu mendien inguruan kokatutako bost haize-errotatan banatuta, Nafarroako mugan.
Gipuzkoan soililk, zazpi proiektu
Bi proposamen berri horiek aurretik zeuden bost proiekturi gehitu behar zaizkie:
Alde batetik, Capital Energyko hiru proiektuak: Trekutz (Urretxu-Antzuolan), Buruzai (Azkoitia-Zumarragan) eta Ezkeltzu (Zizurkil eta Usurbil artean). Udal guztiak (EHBildu, EAJ eta PSE) parke horien aurka daude.
Eta bestetik, Statkraft norvegiarraren bi proiektuak: Itsaraz, Eskoriatza eta Aramaio artean; eta Piaspe, Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean.
Hain zuzen ere, bigarren proiektu horrek, Piaspekoak, aste honetan jaso ditu hartuko lituzken hiru udalerrien baterako alegazioak. Izan ere, udal horien ustez, "ez dira betetzen proiektua bideragarria izateko beharrezko baldintza guztiak".
Alegazioetan, proiektuaren ingurumen-inpaktuari, biodibertsitateari eta faunari buruzko azterlan berriak egiteko beharra jasotzen da. Besteak beste, Piaspe ezarri nahi den eremua Natura 2000 Sarean kontserbazio berezikotzat jotako eremuetan baitago, hala nola Pagoetako Parke Naturala, Izarraitz eta Hernio-Gazume.
Hala ere, hiru udalek energia berriztagarrien aldeko konpromisoa berretsi dute, "ezinbestekoak baitira trantsizio ekosozialistarako", eta Eusko Jaurlaritzari prozesu hori "publikoki gidatzeko" eskatu diote.