Ekonomia -
Lan gatazka
Zazpi lanuzte egunetako lehena dute gaur Amazonek Trapagaranen duen logistika zentroan
Hilaren 20ra arte egunean hiru ordu eta erdiko lanuzteak deitu dituzte, lan-osasunean hobekuntzak eta "lan-baldintzak duintzea" eskatzeko. Bihar, apirilaren 15ean, manifestazioa egingo dute Bilbon, Juan Garai kaletik Plaza Biribileraino.
EITB MEDIA
LAB sindikatuak zazpi lanuzte egun aurreikusi ditu, gaurtik (apirilak 14) hasi eta larunbatera (hilak 20) arte, Amazon multinazionalak Trapagaranen (Bizkaia) duen logistika zentroan.
2024a hasi zenetik, bost greba egun egin dituzte urtarrilean (Errege egunaren bezperan), otsailean eta martxoan. 2023ko Gabonetan ere bi lanuzte egin zituzten, eta 2022ko Gabonetatik 11 lanuzte izan dira.
"Oraingoan, langileek aurrerapauso bat ematea erabaki dute, eta zazpi egunez egingo dituzte lanuzteak, apirilaren 14tik 20ra. 3 ordu eta erdiko lanuzteak egingo dituzte, 06:00etatik 09:30era", zehaztu du sindikatuak ohar batean.
Salatu duenez, "enpresak uko egin die lan-baldintzak hobetzeko langileek egin dituzten proposamen guztiei, bai lan-osasunari dagokionez, bai lan-baldintzak duintzeari dagokionez ere".
Bihar, apirilaren 15ean, manifestazioa egingo dute Bilbon, Juan Garai kaletik Plaza Biribileraino.