Ekonomia -

2023KO ERRENTA AITORPENA

2023ko errenta-aitorpenaren proposamenak gaurtik onar daitezke Araban eta Gipuzkoan

Araban, gaurtik kontsultatu daiteke, eta onartu edo aldatu, eta Internet bidez edo aurrez aurre aurkez daiteke, hilaren 25era arte. Gipuzkoan, apirilaren 8tik aurrera onar daiteke proposamena, hilaren 11tik aurkeztu ahalko da Internet bidez, eta hilaren 16tik aurkeztu ahalko da errenta mekanizatua.

Gipuzkoako Ogasuna.
Gipuzkoako Ogasuna.
Gipuzkoako Ogasuna.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxan dira Araban eta Gipuzkoan 2023ko Errenta kanpainak, eta bi lurraldeetako zergadunek onartu edo aldatu ahal dituzte jada, autolikidazio proposamenak bidalita baitaude. 

Araban aitorpena egin behar duten 193.000 pertsonen % 77k autolikidazio proposamena eginda jasoko dute, eta 10etik 7ri dirua itzuliko die Ogasunak; batez beste, 1.220 euro. Aurreko urteotan bezala, behin proposamena jasota (apirilaren 8tik aurrera), zergadunak onartu edo aldatzeko aukera izango du. Onartuz gero, dirua jasotzea egokituz gero, 48 orduko epean jasoko du dagokion diru kopurua. 

Proposamenik jaso ez dutenek aitorpena Internet bidez egiteko aukera dute gaurtik, Zergabidearen atarian, eta aurrez aurre egitea nahiago duenak apirilaren 16tik aurrera egin beharko du, Ogasunaren bulegoetan. 

Arabako Foru Ogasunak 159,2 milioi euro itzuliko dizkie zergadunei 2023ko errenta-aitorpenaren kanpainan, eta 119,2 milioi biltzea aurreikusi du. Hala, jasotakoaren eta itzulitakoaren arteko aldea 40 milioi eurokoa izango da, iaz baino 15 milioi gehiago.

Gipuzkoan ere, 275.900 zergadunek (iaz baino 6.556 gehiago, % 2,4) Gipuzkoako Foru Aldundiak bidali dien autolikidazio proposamena onartu edo aldatzeko aukera dute gaurtik; horietatik, 195.050 zergadunek dirua bueltan jasoko dute, eta 80.850ek, berriz, ordaindu egin beharko dute.

Uztailaren 1ean amaituko da Gipuzkoan Errenta Aitorpenaren kanpaina. Apirilaren 11tik aurrera, errenta telematikoa hasiko da, Zergabidea plataformaren bidez. Errenta mekanizatua egiteko epea apirilaren 16tik ekainaren 7ra izango da, eta aurrez aurreko hitzordua apirilaren 12tik aurrera eskatu ahalko da.

Gipuzkoako Ogasunak 358 milioi euro itzuliko ditu aurten errenta-aitorpenaren kanpainan, eta 305 milioi euro jasotzea aurreikusten du; hortaz, ia 53 milioiko saldoa izango da zergadunen mesedetan. 415.000 errenta-aitorpen jasotzea espero du, aurreko urtean baino 15.000 gehiago.

Pentsiodunak

Araban, Auzitegi Gorenaren 20/2024 ebazpenaren araberako murrizketak ezarrita, aurtengo kanpainan, 1978 baino lehen lan mutualitateetan kotizatu zuten 30.000 bat pentsiodunei kalkulatu diete euren errenta proposamena, azken ebazpen hori ere kontuan hartuta. 

Gipuzkoan ere, Ogasunak azken 35 urteak hartuko ditu kontuan 1979 baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenei dagokien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren murrizketa kalkulatzeko, 2024an Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ondotik. Hala, gutxi gorabehera 40 milioi euro itzuliko zaizkie orotara 100.000 pentsiodun gipuzkoarri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Araba Errenta aitorpena Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika gaur Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak Arabako Foru Aldundia