Ekonomia -
PROTESTA
Euskotreneko langileek ere greba egingo dute martxoaren 19an, erasoak salatzeko
Hala, Bizkaibuseko langileek deitutako grebara batu da Euskotreneko plantilla. Erabiltzaileek langileei egindako erasoak geroz eta gehiago eta geroz eta larriagoak direla salatzen dute.
EITB MEDIA
Euskotreneko plantillak bat egin du Bizkaibusek martxoaren 19rako deitutako lanuztearekin, langileek euren lantokian pairatzen dituzten erasoak salatzeko. ELA, LAB, CCOO, UGT eta CGT-ESK sinkatuek aho batez erabaki dute deialdira batzea. Diotenez, beharginen aurkako eraso fisikoak eta hitzezkoak "behin eta berriz" errepikatzen ari dira eta horien "larritasuna areagotu" egin da azkenaldian.
Isusko Flores (ELA) Euskotrenen langile batzordeko idazkariak azaldu du bere egiten dituztela Bizkaibusek lanuzterako mahai gainean jarritako arrazoiak. EAE osoan Euskotrenek eskaintzen dituen zerbitzuetako langile guztiak daude grebara deituta.
Bizkaibusen greba deialdiaren berri eman zutenean, UGT, ELA, CCOO, USO eta LAB sindikatuek azaldu zuten beste garraiobideetan ere (Bilbobus, Metro Bilbao eta Euskotren) erasoak eguneroko kontua direla, eta dei egin zieten horietako beharginei, grebarekin bat egiteko.
Sindikatuon arabera, urteak daramatzate "eraso fisikoen gorakada" eta "irainen normalizazioa" salatzen, baita "errespetu faltak" ere.