Ekonomia -
Krisia
Gasteizko Michelin lantegiak ekoizpen-geldialdiak iragarri ditu, eta 455 behargini eragingo diete
Gainera, azaldu du maiatzaren amaierara arte mantenduko dituztela langile-taldea murrizteko planaren barruko "neurri ez-traumatikoak".
Agentziak | EITB MEDIA
Michelinek Gasteizen duen lantegiko zuzendaritzak 455 langileri eragingo dieten geldialdiak iragarri ditu, ekoizpen-beharrak "aurreikusitakoak baino txikiagoak" direlako.
Gainera, azaldu du maiatzaren amaierara arte mantenduko dituztela langile-taldea murrizteko planaren barruko "neurri ez-traumatikoak"; izan ere, fabrika horrek dituen 3.500 langileetatik 150 kaleratu egingo ditu.
Plantilla murrizteko hartutako neurrien artean, pizgarridun bajak eta txandakako kontratuak daude. Era berean, 1963an jaiotakoei txandakako kontratu bati heltzeko aukera emango zaiela gaineratu du.
Ekoizpeneko geldialdiei dagokienez, hiru lan-txanda desaktibatuko dira gurpil erraldoien fabrikazioan, 150 tona inguru ekoizteari uzteko.
Metalezko ehunaren tailerreko bi txandatan ere geldialdiak egongo dira, 4.800 metro koadro inguru fabrikatzeari uzteko, eta beste zortzi txandatan kablea fabrikatzeko tailer batean, 88 tona metalezko hari inguru ez ekoizteko.
Urtarrilaren amaieran, zuzendaritzak 29 txanda desaktibatu zituen, 700 pertsona ingururi eragin zietenak, eta plantillaren "soberakina" 105 langilekoa zela esan zuen orduan.
Hori guztia eskariaren beherakadak ekoizpen-aurreikuspen txarrak eragin dituelako izan da, enpresaren arabera.