Ekonomia -
EITB DATA
EAE eta Nafarroako ekintzailetza-mailak Europako baxuenetarikoak dira
EAEko eta Nafarroako ekintzailetza-mailak Europar Batasuneko eta Espainiako Estatuko batezbestekoaren azpitik daude, enplegu autonomoari eskainitako EITB Dataren arabera.
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
EAEko eta Nafarroako ekintzailetza-mailak Europar Batasuneko eta Espainiako Estatuko batezbestekoaren azpitik daude, enplegu autonomoari eskainitako EITB Dataren arabera.
Ekintzailetza lau urte baino gehiago ez dituzten jarduera berriko ekimen guztiei dagokie. Jarduera ekonomikoan sartzen diren ekimen berriak dira, eta horiek gizartean duten eragina jarduera ekintzailearen tasarekin neurtzen da.
Neurgailu horren arabera, Europar Batasuneko ekintzailetza-datua % 8,9koa da, AEBkoa (% 19,2koa) edo Erresuma Batukoa (% 12,9koa) baino txikiagoa.
Zerrendan, atzerago daude Espainia (% 6ko ekintzailetza-tasa) eta Euskadi eta Nafarroa (% 5,2koa). Orokorrean, autonomia-erkidego guztiek portaera homogeneoa dute. Kataluniak (% 6,9), Madrilek eta Valentziak (% 6,8) dute tasarik onena, eta Errioxak (% 4,2) du txarrena.
Ekitea, lan-eskasiari aurre egiteko
EITB Dataren arabera, ekiteko arrazoi nagusia enplegu-alternatiba bat sortzea da, edo bizimodua ateratzea, lan-eskasiaren aurrean. Horrela erantzun diote galderari EAEko 10 herritarretik 7k eta Nafarroako 10etik 6k.
Euskadin, gainera, "familia-tradizioarekin jarraitzea" nabarmentzen da, EAEko % 29,5ek eta Nafarroako % 15ek hautatu baitute.
Hasitako proiektuei begiratuz gero, hamarretik zortzi zerbitzuetakoak dira Euskadin, batez ere ezagutzan intentsiboak ez diren zerbitzuetakoak, hain zuzen ere.
Bestalde, ekiteko oztopo nagusia zein den galdetuta, hamar pertsonatik seik aitortu dute "porrot egiteko beldurra" dela oztopo nagusia.
Ekintzailearen profila
Euskadin, ekintzaileen batez besteko adina 43 urtekoa da, eta Nafarroan, 42 urtekoa. Estatu Batuetan, adibidez, ekintzaileen batez besteko adina 36 urtekoa da, Alemanian eta Herbehereetan 37koa da, eta Europar Batasunean, 38koa.
EAEn eta Nafarroan daude 55-64 urte dituzten ekintzaileen proportzio handiena (% 16). Hamar ekintzailetik bi bakarrik daude 18-34 urteko tartean Euskadin, eta hamarretik hiru, Nafarroan.
Ildo horretan, Estatu Batuetan, Herbehereetan eta Alemanian, esaterako, ekintzaileen erdiek 35 urte baino gutxiago dituzte.