Ekonomia -
Bilboko metroa
Metro Bilbaok marka historiko berria hautsi du 2023an 92,3 milioi bidaiarekin
Horrela, pandemiak eragindako "ondorioak" atzean utzi ditu metroak, Eneko Arruabarrena Metro Bilbaoko zuzendari kudeatzaileak asteazken honetan azaldu duenez.
EITB Media
Metro Bilbaok errekor berria hautsi du 2023an, 92,3 milioi bidaiarekin. Horrek esan nahi du ia % 1eko igoera izan dela aurten, 2019an, covid-19 pandemiaren aurretik izandako marka historikoarekin alderatuta. Horrela, pandemiak eragindako "ondorioak" atzean utzi ditu metroak, Eneko Arruabarrena Metro Bilbaoko zuzendari kudeatzaileak asteazken honetan azaldu duenez.
2023an txartelen prezioan aplikatutako % 50eko deskontuen eraginari dagokionez, Arruabarrenak adierazi du % 6 eta % 7 artean igo dela bidaiarien kopurua. 6 milioi bidaia inguru izan dira beherapen horiek ekarri dituztenak. 2023ko datuen arabera, Bizkaian garraio publikoan bidaiatzen duten bi pertsonatik batek metroan egiten duela azpimarratu du Metro Bilbaoko zuzendariak.
Ordutegiei dagokienez, iazko gorakadarik handiena 14:00etatik 15:00etara izan zen. Zuzendariaren arabera, datu horrek aurten ordu-tarte horretan ezarritako maiztasuna handitu izana berresten du. Horrez gain, esan du "kezkatu" egiten dituela batzuetan gertatzen diren arazoek, erabiltzaileei metroa normaltasun osoz hartzea ekiditzen dioteenak, eta, beraz, halakoetan erabiltzaileengana iristen den informazioa hobetzeko neurriak hartzen ari direla adierazi du ere.
Gehien erabiltzen den txartela Creditrans izaten jarraitzen du (% 58), Gizatransetik oso urrun (% 12). Aldi baterako tiketen multzoa % 26koa da. Arruabarrenak adierazi duenez, 2023an % 50eko beherapenekin metroak 28 milioi euro bereganatzeari utzi zion, eta diru hori erakundeek jarri behar izan zuten.
Metroaren zuzendariak iaz jasangarritasunaren mesedetan egindako lana azpimarratu du, eta orduko 2,2 gigawatteko energia aurreztu dela ezarritako sistemei esker. Hau da, 747 etxebizitzaren urteko energia-kontsumoa. Bestalde, Metroaren erabiltzaileek baloratu dutenez, zerbitzuaren kalitatea "oso ona" da. Baita geltokien garbiketa, 8,5eko puntuazioarekin, hain zuzen ere.