Ekonomia -

Lan-istripua larria

Ibarrako enpresa baten langile bat hil da makina batek harrapatuta, Galiziako zentral hidroelektriko batean

LABek bildutako datuen arabera, Ibarrako (Gipuzkoa) Voith Hydro enpresako behargina makina batean harrapatuta hil zen asteazkenean, eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan zuten.

Voith Hydro enpresako lantegia Ibarran (Gipuzkoa). Irudia: Google Maps
Voith Hydro enpresako lantegia Ibarran (Gipuzkoa). Irudia: Google Maps
Voith Hydro enpresako lantegia Ibarran (Gipuzkoa). Irudia: Google Maps

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den asteazkenean Ibarrako (Gipuzkoa) Voith Hydro enpresako 56 urteko langile bat Rubiako (Galizia) zentral hidroelektrikoan hil izana deitoratu du LAB sindikatuak. Sindikatuak bildutako datuen arabera, behargina makina batean harrapatuta hil zen, eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan zuten. Hildako behargina izatez portugaldarra zen.

Tokiko hedabideek azaldu dutenez, lan-istripua 12:30 baino minutu batzuk lehenago gertatu zen, eta Covas parrokian (Rubia, Leongo probintzia-mugatik gertu) dauden instalazioetan lan egiten duten langileek eman zieten abisua Galiziak larrialdi zerbitzuei.

Dirudienez, hildako behargina zentral hidroelektrikoko ekipoetan mantentze-lanak egiten ari zen ezbeharra gertatu zenean. Itxura guztien arabera, hildakoa turbinetako batean ari zen lanean, baina litekeena da turbina martxan jarri izana.

LABek, ohar baten bidez, "samina eta elkartasuna" adierazi die senideei, lankideei eta hurbilekoei. Gainera, azpimarratu duenez, hamargarren biktima da 2024aren hasieratik, eta hirugarren heriotza industria sektorean, makinen harrapaketek edo kolpeek eraginda.

Ildo horretan, gogorarazi du 1997tik langileen esku jartzen diren makinek "araudi zorrotza" bete behar dutela, baina "gaur egun, ohikoa da edozein enpresatan araudia betetzen ez duten makina arriskutsuak aurkitzea".

Hori dela eta, berretsi du ez dela kasualitatea "ezbehar-tasetan, urtero, makinak izatea arrazoi nagusiak", eta salatu du patronalak "araudia inpunitate osoz urratzen" duela, "araudiak indarrean hamarkadak badaramatzan arren".

LABek kritikatu du Osalanek eta Lan Ikuskaritzak, bien bitartean, "eraginkorrak ez izateko sortuak, patronalak lan-osasuneko neurriak bete gabe jarraitzea ahalbidetzen dutela".

"Lan-osasunari buruzko araudia urraketa gehien jasaten dituena da esparru juridikoan, eta egitura instituzional horiek errotik aldatzen ez diren bitartean, patronala kontrolatzeko eta zigortzeko plangintza gogorra ezartzen ez den bitartean, denak berdin jarraituko du, eta horren emaitza da gure bizitzarekin ordaintzen dugula", azpimarratu du.

"Antolatutako langileriak soilik aldaketa sakonak" lortuko dituela uste du LABek, eta egoera hori salatzeko eta langileriaren elkartasuna adierazteko Voitheko enpresa-batzordeak Ibarran deitutako elkarretaratzearekin bat egingo duela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gipuzkoa LAB Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Galizia Ibarra