Ekonomia -
Lan-gatazka
Tuvisako langileek otsailaren 10era aurreratu dute greba mugagabea
Hala, Tuvisako beharginek mobilizazioen egutegia aldatzea erabaki dute batzarrean, hilabete honetarako iragarritako lanuzte partzialak bertan behera utzita. Egutegi berriak Gasteizko hiri-autobusetako langileen % 90en babesa izan du.
EITB Media
Tuvisako langileek mobilizazioen egutegia aldatzea erabaki dute batzarrean, hilabete honetarako iragarritako lanuzte partzialak bertan behera utzita eta greba mugagabea otsailaren 10era, inauteri-egunera, aurreratuta.
Batzordeak proposatutako egutegi berriak batzarrean parte hartu duten langileen % 90en babesa jaso du: 223k alde bozkatu dute, 20k ez, 5ek boto zuria eman dute eta boto baliogabe bat izan da, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez.
Mobilizazioen aldaketak indarrik gabe utzi ditu Gasteizko hiri-autobusetako langileek azken asteetako astelehen, asteazken eta ostiraletan egin dituzten lanuzte partzialak, 5:00etatik 9:00etara. Hala, asteazken honetan autobusak normaltasunez ibiliko dira.
Eta horrela izaten jarraituko du otsailaren 10eko 14:00ak arte, orduan hasiko baita greba mugagabea.
Mobilizazioen jatorrizko egutegiak barne hartzen zituen urtarrilean astean hiru egunetan lau orduko lanuzteak egitea, eta akordiorik lortu ezean, otsaileko lanegun guztietan lanuzte partzialak egitea. Gatazkak bere horretan jarraitzen bazuen, batzordea prest zegoen martxoaren 3tik aurrera greba mugagabea egiteko.
Arazoa konpondu beharrean, Udalarekin negoziazioak ez dira aurrera egiten ari enpresa-batzordeak nahi duen erritmoan, eta, beraz, sindikatuek mobilizazioen egutegi berri bat proposatzea erabaki dute, otsailaren 10etik aurrera greba mugagabe batekin, langileen babesarekin.
Orain arte egindako lanuzteetan, gidarien jarraipena % 100ekoa izan da, eta gutxieneko zerbitzuak baino ez dira ibili, beharginen ordezkarien arabera. Tuvisako zuzendaritzak, ostera, lanuzteen jarraipena % 70-75 inguruan kokatu du enpresa osoan.