Ekonomia -
Garraio publikoa
2024an ere garraio publikoaren gaineko deskontuei eutsiko die Nafarroako Gobernuak
Hiri garraioak, Iruñeko billabesak barne, prezio erdian egoten jarraituko du. Bestalde, aldiriko, eskualdeko eta distantzia erdiko tren zerbitzua doakoa izango da.
Agentziak | EITB Media
Oscar Chivite Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak iragarri duenez, garraio publikoan orain arteko deskontuei eutsiko zaie aurten ere.
Hala, hiri garraioak, Iruñeko billabesak barne, % 50eko beherapena izaten jarraituko du. Bestalde, aldiriko, eskualdeko eta distantzia erdiko tren zerbitzua doakoa izango da.
"Neurriok isuriak murriztu eta mugikortasun jasangarria bultzatzea dute helburu, garraioa baita atmosferara isurtzen ditugun emisioen % 30aren eragilea", esan du Nafarroako Parlamentuan egindako adierazpenetan. Kontseilariaren hitzetan, "bistan denez, Nafarroak garraio publikoaren alde egiten du, ibilgailu pribatuaren kaltetan".
2023ko deskontuek "oso emaitza positiboak" izan dituztela azpimarratu du. Emandako datuen arabera, hiriarteko garraioko joan-etorriak, adibidez, % 10 hazi dira.
Oscar Chivitek aitortu duenez, hiri garraioaren % 50eko deskontuaren "% 30 Pedro Sanchezen gobernuari esker gauzatzen da, eta gainerako % 20a Maria Chiviteren gobernuak jartzen du".