Ekonomia -
INFLAZIOA
Carrefourrek ez ditu PepsiCo konpainiaren produktuak salduko, "prezioen gehiegizko igoera dela eta"
Aurrerantzean, ezin izango dira erosi Pepsi, 7up, Lipton, Lay's, Benenuts, Doritos eta Alvalle enpresaren produktuak supermerkatu horretan.
Agentziak | EITB MEDIA
Carrefourrek ez ditu PepsiCo konpainiaren produktuak salduko Frantzian, Espainian, Italian eta Belgikan, biltegiratuta dituzten enpresa eta marka horien produktu guztiak saldutakoan.
Supermerkatu kateak jakinarazi duenez, "prezioen gehiegizko igoeraren aurrean" hartu dute erabakia. Aurrerantzean, beraz, ezin izango dira erosi Pepsi, 7up, Lipton, Lay's, Benenuts, Doritos eta Alvalle enpresen produktuak supermerkatu horretan.
Produktu horien ondoan jarriko dituzten kartelekin emango diete bezeroei erabakiaren berri. Mezua argia da: "Dagoeneko ez dugu marka hau saltzen, bidezkoa ez den prezioen gehiegizko igoeraren ondorioz".
Prezioak % 7 garestitzea eskatzen dio PepsiCok Frantziako supermerkatuari, eta bi aldeek urtarrilaren amaierara arte jarraituko dute negoziatzen, baina ez dirudi akordiorik lortuko dutenik.
Frantzian, inflazioa % 3,7koa izan zen 2023ko abenduan, aurreko hilabetekoarekin alderatuta bi hamarren gora egin ondoren. Elikagaien prezioek, berriz, % 7,1eko gorakada izan zuten urte amaieran (% 7,7koa, azaroan), elikagai freskoen prezioetan izandako gorakada nabarmenaren ondorioz batez ere.