Ekonomia -
BIDAIARIEN TRAFIKOA
Bilboko, Donostiako eta Gasteizko aireportuek inoizko urririk onena izan dute aurtengoa
Bidaiarien trafikoa % 18,3 hazi da Loiun, % 25,5 Hondarribian eta % 33,3 Hondarribian, iazko hilabete bereko datuekin alderatuta.
AGENTZIAK | EITB Media
Bilboko, Donostiako eta Gasteizko aireportuek urrian inoiz izandako daturik onenak lortu dituzte aurreko hilabetean. Bidaiarien trafikoa % 18,3 hazi da Loiun, % 25,5 Hondarribian eta % 33,3 Hondarribian, hurrenez hurren, iazko hilabete bereko datuekin alderatuta.
Bizkaiko aireportuan 611.659 bidaiari zenbatu dituzte bere historiako urririk onenean, 2022ko hil berean baino % 18,3 gehiago. Lurreratze eta aireratze mugimenduak 5.016 izan dira, hau da, urtebetean % 12,8 egin du gora.
Bestalde, Gasteizko aireportuak % 33,3ko hazkundea izan du urrian bidaiarien kopuruan, 2022ko hil bereko datuekin alderatuta, guztira 28.198 bidaiari izan baititu. Lurreratze eta aireratze mugimenduei dagokienez, % 6,3 igo dira iazko urritik aurtengora, 1.233 izan baitira.
Azkenik, Donostiako aireportuak 45.049 bidaiari izan ditu, iazko hilabete berean baino % 25,5 gehiago. Operazio kopuruari dagokionez, urrian 1.233 lurreratze eta aireratze erregistratu dituzte aireportu horretan, iazko urrian baino % 6,3 gehiago.