Ekonomia -
MERKATARITZA
Euskadiko txikizkako merkataritzaren salmentak % 0,7 gehitu dira hirugarren hiruhilekoan
2023ko hirugarren hiruhilekoan, Euskadiko txikizkako merkataritza-sektoreko langileak % 1,2 hazi dira.
EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako merkataritzaren salmentak % 0,7 igo dira 2023ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak asteazken honetan argitaratutako datuen arabera.
Lurraldez lurralde aztertuta, 2023ko hirugarren hiruhilekoko salmentak % 2,9 igo dira Bizkaian eta % 1,1 Araban. Gipuzkoan, berrriz, % 2,6ko jaitsiera izan da.
2023ko hirugarren hiruhilekoan, Euskadiko txikizkako merkataritza-sektoreko enplegatuak % 1,2 gehitu dira aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.
Sektorez sektore aztertuta, Elikaduraren arloko salmentak % 1,4 gehitu dira 2022ko hirugarren hiruhilekoaren aldean. Sektore horren barruan, fruta-dendetako, harategietako edo arrandegietako salmentak % 2 jaitsi dira 2022ko hirugarren hiruhilekoaren aldean. Aldiz, supermerkatu eta hipermerkatuetako salmentak % 3 gehitu dira urte artean.
Gainerako produktuen sektorean % 0,7ko urte arteko jaitsiera izan da salmentetan. Atal horren barruan, beste kontsumo-ondasun batzuen salmentak (kirol-artikuluak, jokoak edo jostailuak) % 5,6 igo dira.
Pertsonaren ekipamenduan (arropa, oinetakoak, produktu kosmetikoak edo higienekoak) salmenten igoera % 5ekoa izan da.
Ez-espezializatuan (korrespondentzia edo Internet), salmentak % 3,3 hazi dira. Aitzitik, Etxeko ekipamenduan (etxetresna elektrikoak, altzariak eta telekomunikazio-ekipoak) salmentak % 8,8 jaitsi dira.
Azkenik, Automobilgintzarako erregaia (gasolina-zerbitzuguneak) atalean salmentak aurreko urteko hiruhileko berean baino % 5,8 handiagoak izan dira.
Asteazken honetan jarri da abian Euskadi Bono Dendaren laugarren edizioa, Euskadiko txikizkako saltokietan erosketak sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren ekimena.