Ekonomia -

Ingeniaritza

Senerrek industria aeroespazialari eskainitako lantegiaren lehen harria jarri du Zamudion

2025erako martxan egongo diren instalazio berriek industria-ekoizpeneko eta merkatu aeroespazialerako ingeniaritza-zerbitzuetako zentro bat hartuko dute. Senerrek 25 milioi euroko inbertsioa egin du.

Senerrek Zamudion egingo duen plantaren lehen harria jarri du. Argazkia: Irekia.
Senerrek Zamudion egingo duen plantaren lehen harria jarri du. Argazkia: Irekia
Senerrek Zamudion egingo duen plantaren lehen harria jarri du. Argazkia: Irekia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sener euskal taldeak merkatu aeroespazialari eskainitako lantegiaren lehen harria jarri du gaur (astelehena), Zamudion. Hasierako inbertsioa 25 milioi eurokoa izango da, eta, aurreikusitakoaren arabera, 2025erako egongo da martxan.

Euskal ingeniaritzaren instalazio berriek industria-ekoizpeneko eta merkatu aeroespazialerako ingeniaritza-zerbitzuetako zentro bat hartuko dute, Senerrek "hazkunde nabarmena" izan baitu azken urteotan. Negozio aeroespaziala eta defentsakoa fakturazio osoaren % 25-30ekoa da dagoeneko, eta hurrengo bost urteetan % 15eko hazkundea espero dute.

Zehazki, teknologia aeroespazialen garapenean eta produkzioan oinarrituko dira: sistema elektromekanikoak, zuzentze eta doitasun sistemak, optomekanikoak, jarduketakoak eta robotikoak.

Horretarako, konpainiak 30.000 metro koadroko azalera erosi du Bizkaia Parkean, eta lehenengo fasean 8.000 metro koadro eraikiko dituzte, 25 milioi euroko inbertsioarekin. Obrak 2023ko abenduan hasiko dira, eta 20 hilabeteko iraupena aurreikusi dute.

Ekitaldian, Senerreko presidente Andres Sendagortaz eta Jorge Sendagorta CEOaz gain, Iñigo Urkullu lehendakariak eta beste agintari batzuek parte hartu dute.

Lehendakariak eskerrak eman dizkio Senerri bere ekimenagatik eta egindako inbertsioagatik. "Jarrera ekintzaile hori babesten dugu, eta horren adibide eta erreferente da Sener. Zalantzarik gabe, lehen harri honek duela urte batzuk hasitako ametsari jarraipena emateko balioko du", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zamudio Enpresak Industria