Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Petronorrek "konpromisoa" duela esan du, baina ohartarazi du inbertsio batzuk "stand by-n" geratuko direla
Emiliano Lopez Atxurra Bizkaiko findegiko presidenteak Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuaren adierazpenak babestu ditu. Horren ustez, energia konpainiei ezarri zaien zerga "'gas and oil' delakoa zigortzen ari da".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak joan den astean egindako ohartarazpena berretsi du gaur Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak. Imazek esan zuenez, Espainiako Gobernuak energia konpainien gaineko zergari eutsiz gero, Espainian egindako inbertsioak baldintzatuta geratuko lirateke. Lopez Atxurraren arabera, Imazek Repsolen administrazio kontseiluaren iritzia plazaratu baino ez zuen egin (bera ere organo horretako kide da).
Hala, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan gaur egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, Repsolek "enpresa konpromisoa" du, alegia, "ez du inoiz esan Espainiatik joango denik", baina, era berean, "ohartarazpena" ere badago, "aurreikusi daitekeen eta egonkorra den arau esparru bat ez badago, logikoki, inbertsio batzuk stand by-n geratuko dira".
Petronorren kolokan gera litezkeen inbertsioak hizpide, berretsi du erregai sintetikoaren eta 2,5 eta 10 megawatteko hidrogeno berdearen ingurukoak "bermatuta" daudela; ez, ordea, erregai sintetikoaren etorkizuneko industria lantegia eraikitzeko behar direnak—orain probetan dagoen batekin ari dira— eta 100 megawatteko hidrogeno instalazioarena.
Lopez Atxurraren ustez, energia konpainiek dituzten etekinak "ez dira zerutik etorritakoak, araututa baitaude". Zehaztu duenez, 2019-2022 aldian, Petronorrek 5.000 milioi euro pagatu ditu zergetan Bizkaiko Ogasunean eta Estatuko administrazioan. Konpainia energetikoei ezarritako zerga bereziarekin "gas and oil delakoa zigortzen" ari direla kritikatu du, gogorarazita zero emisioen helburua dutela. Petronorren presidentearen arabera, zergak "oinarri ideologikoa du, teknikoa baino gehiago", eta "aurreiritzien" arabera jokatzea egotzi dio Espainiako Gobernuari.
Azkenik, Sanchezen gobernu bat ala hauteskundeak errepikatzea nahiago ote duen galdetuta, erantzun du enpresek "egonkortasuna eta adostasun (politiko) zabala" behar dituela inbertitzen jarraitzeko eta energia alorrean estrategiak zehazteko. Hortaz, "adostasun zabala sortzeko gai den edozein" babestuko lukeela nabarmendu du.