Ekonomia -

NAFARROA

Nafarroako Volkswagenek eta gehiengo sindikalak lan hitzarmen berria adostu dute

Landabengo langileek berretsi beharko dute aurreakordioa datorren astean egingo den erreferendumean. Akordioak KPIaren araberako soldata igoerak aurreikusten ditu datozen hiru urteetarako.

Volkswagenen Landabengo lantegia. Artxiboko argazkia: EFE
Volkswagenen Landabengo lantegia
Volkswagenen Landabengo lantegia. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan hitzarmen berria adostu dute Nafarroako Volkswagenek eta UGTk (13 ordezkari) eta CCOOk (8 ordezkari) osatzen duten gehiengo sindikalak. Aipaturiko sindikatuek % 67,7ko ordezkaritza dute enpresa batzordean.

ELAk (5 ordezkari), LABek (3 ordezkari) eta CGTk (2 ordezkari) ez dute aurreakordioa onartu, Alemaniako multinazionalak gaur zabaldutako ohar batean jakinarazi duenez. Datorren astean Landabengo lantegian egingo den erreferendumean aurreakordioa berretsi beharko dute langileek. Oniritzia jasoz gero, lan hitzarmen berria indarrean egongo da 2026ko abenduaren 31ra arte.

Akordioak, besteak beste, KPIaren araberako soldata igoerak aurreikusten ditu datozen hiru urteetarako. Horrez gain, elektrifikazio prozesuagatik 2024tik 2026ra soberan geratuko diren 400 langilerentzat irteera ez traumatikoak adostu dituzte. Besteak beste, borondatezko irteerak eta 60 urtetik gorako langileentzat errelebo kontratuak proposatuko dituzte. Horrez gain, langileek 900 euroko soldata gehigarria izango dute 2026ra arte eta aurrerantzean Nafarroako osasun sistemak berrikusiko ditu bajak, eta ez mutuak.

Jesus Galindo Parejo Nafarroako Volkswageneko ordezkariak balorazio positiboa egin du eta langileentzat "aurreakordio ona" dela nabarmendu du. Azaldu duenez, enplegua, erosahalmena eta etorkizuna bermatzen ditu.

Alfredo Morales enpresa batzordeko presidentea (UGT) pozik agertu da zuzendaritzarekin lortutako akordioarekin, besteak beste, enplegua, erosahalmena, eta inbertsioak bermatzen dituela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Nafarroako albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Volkswagen Sindikatuen albistea CCOO UGT albisteak