Ekonomia -
40. urteurrena
Enpresarien zereginak "aitortza sozial handiagoa" merezi duela nabarmendu du Confebask patronalak
Tamara Yague presidenteak euskal enpresak egindako ekarpena goraipatu du, "gizarte batek ez duelako aurrera egiten lehiakorra den, zergak ordaintzeko etekinak sortzen dituen eta enplegua sortzen duen enpresarik gabe".
EITB Media
Tamara Yagüe Confebask patronaleko presidenteak enpresarien zereginari "aitortza sozial handiagoa" ematea eskatu du, "gizarte batek ez duelako aurrera egiten lehiakorra den, zergak ordaintzeko etekinak sortzen dituen eta enplegua sortzen duen enpresarik gabe".
Bilboko Guggenheim museoan egin den ekitaldian, euskal enpresaren ahotsa (enpresa txikia, ertaina, handia) erakundeetara, gizarte eragileetara eta gizartera eramaten Confebaskek 40 urtetan egindako lana azpimarratu du.
Confebasken "ondarearen parte izaten jarraitzen duen" ezaugarri bat aipatu du, "lankidetza publiko-pribatua", alegia. "Gure gizartea hobetzeko konpromisoan oinarritutako lankidetza bat, akordioa duena ezaugarri nagusi", gehitu du.
Confebaskeko presidente ohiek une bereziki zailetan erakundea gidatzeko erakutsi duten "konpromiso pertsonala" eskertu ondoren, Tamara Yaguek gogoan izan ditu "terrorismoaren urte amaigabeetan hainbeste eskaini eta sufritu zuten" gizon eta emakumeak.
Bestalde, Antonio Garamendi CEOE Espainiako enpresaburuen elkarteko presidenteak ere euskal enpresak gizarteari egiten dion ekarpena azpimarratu du. Gainera, ETAren terrorismoaren urteengatik "norbaitek barkamena" eskatu beharko lukeela adierazi du.