Ekonomia -
ENERGIA BERRIZTAGARRIAK
Petronor hidrogeno berdea ekoizten hasi da EAEn jarri duen lehen elektrolizagailuan
2,5 megawatteko elektrolizagailua prest dute Muskizko findegian, eta urtean 350 tona hidrogeno berriztagarri inguru ekoiztuko ditu.
AGENTZIAK | EITB Media
Petronorrek hidrogeno berriztagarria ekoizteari ekin dio Muskizko findegian jarri duen lehen elektrolizagailuan. 2,5 megawatteko potentzia duen instalazioak urtean 350 tona hidrogeno berriztagarri ekoiztuko ditu.
Elektrolizagailua ur molekulatik hidrogenoa eta oxigenoa bereizteko aparatua da, eta hori egiteko energia berriztagarria erabiltzen da.
Guztira, 11 milioi euroko inbertsioa egin da elektrolizagailua martxan jartzeko eta hidrogeno berriztagarriaren ekoizpen eta banaketarako behar diren azpiegiturak gauzatzeko.
Petronorrek Muskizen ekoiztutako hidrogeno berriztagarria Energy Intelligence Center eta konpainiak Abantoko Teknologia Parkean dituen bulego berriak hornitzeko erabiliko da.
Gainera, hidrogeno berriztagarri hau parkeko mugikortasun-plataforma logistikoko lehen autobus eta ibilgailu astunetan ere erabiliko da. Hori guztia, EVEk eta Repsolek bultzatuta egingo da.
Sortutako energia Petronorren findegitik Energy Intelligence Centerreraino eramateko beharrezkoak diren hidroduktu guztiak Nortegasek garatu ditu.
Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak gaur nabarmendu duenez, Europako teknologiarekin ekoiztutako lehen hidrogeno berriztagarria da. "Mugaz gaindiko lankidetzan oinarritutako teknologiaren aldeko apustu honek hidrogeno berriztagarriaren Europako industriaren garapena erraztuko du, energia deskarbonizatuaren iturritzat ezartzeko behar diren azpiegitura guztiak barne", gaineratu du.
Elektrolizagailuak Europako industriaren transformazioan eta berrikuntzan lagunduko duela azpimarratu du Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak.
Urkullu lehendakariak Euskadiren papera goraipatu eta "berriztagarrien eta lankidetza publiko-pribatuaren ereduaren aldeko apustua" berretsi du.