Ekonomia -

Oliba-olioa

OCUk salatu du Espainian oliba-olioa Italian, Frantzian eta Portugalen baino "askoz garestiagoa" dela

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundearen arabera, kasu batzuetan, prezio-igoerak % 30etik gorakoak dira, eta litro bat "erraz" iristen da 10 eurora. Gainera, Espainian oliba-olioaren prezioa inguruko herrialdetakoa (Italia, Frantzia eta Portugal) baino "askoz altuagoa" dela salatu du.

Olio-apalategia supermerkatu batean. Argazkia: Tamorlan (Wiki Commons)
Olio-apalategia supermerkatu batean. Argazkia: Tamorlan (Wiki Commons)
Olio-apalategia supermerkatu batean. Argazkia: Tamorlan (Wiki Commons)

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) salatu duenez, oliba-olioaren prezioa "izugarri" garestitu da, eta "gutxi batzuek" baino ezin dute erosi. Aldi berean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari (MAPA) eskatu dio "berehalako ikuskapenak" egin ditzala, oliba-olioaren ekoizpen-katearen kontrola bermatzeko, "gehiegikeriak eta espekulazioa saihesteko".

"Kontrol horren helburua gehiegikeriak saihestea eta kontsumitzaileei zein nekazariei kalte handia eragiten dien espekulazioa prebenitzea da", nabarmendu du OCUk.

Zehazki, OCUk prentsa-ohar baten bidez jakinarazitakoaren arabera, oliba-olio birjina estra % 15,4 garestitu da uztaileko lehen hamabostalditik (% 30etik gora kasu batzuetan), eta litro bat "erraz" iristen da 10 eurora.

Horrez gain, zehaztu du ez direla "uste hutsetan" oinarritzen; izan ere, uztailaren hasieran oliba-olio birjina estra saltzen duten 19 markak 10 supermerkatu katetan zuten prezioa abuztu amaieran erregistratutakoarekin alderatu du OCUk. Prezioen igoera orokorra izan da, eta aztertutako kate guztietako ia marka guztietan nabari da, gainera.

Horrez gain, Espainian oliba-olioaren prezioa inguruko herrialdetakoa (Italia, Frantzia eta Portugal) baino "askoz altuagoa" dela salatu du. Erakundearen arabera, marka zuriko oliba-olio birjina estra Espainian Italian baino % 6 garestiago dago, Frantzian baino % 16 garestiago eta Portugalen baino % 27 garestiago.

Erakundearen ustez, "esplikaezina" da, Espainia oliba-olioaren munduko ekoizle nagusia izanik, gaur egun kategoria goreneko olioaren prezioak inguruko herrialdeetakoak baino "nabarmen garestiagoak" izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Supermerkatuak