Ekonomia -

Lau ospitaletan

Osakidetzak luzatu egingo du astelehenetik aurrera LEPetarako dokumentazioa entregatzeko ordutegia

Izapideak ilara luzeak eragin ditu aste honetan erregistroaren bulegoetan. Osakidetzak esan du prozesua arintzeko behar adina baliabide bideratzen ari dela.

Ilarak asteon dokumentazioa entregatzeko. Argazkia: EITB MEDIA
Ilarak asteon dokumentazioa entregatzeko
Ilarak asteon dokumentazioa entregatzeko. Argazkia: EITB MEDIA

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak luzatu egingo du Lan Eskaintza Publikoeterako (LEP) dokumentazioa entregatzeko ordutegia lau ospitale nagusietan, aste honetan izapide horrek eragindako ilaren ostean.

Osakidetzako LEPean izena emanda duten pertsonek baldintzak eta merituak egiaztatzeko dokumentazioa entregatu behar dute, bakoitzak dagokion plazarako, eta izapide horrek ilara luzeak eragin ditu aste honetan.

Hala, prozesuotan parte hartzen ari direnek titulazio akademikoa, euskarako ezagutza, Osakidetzako lan esperientzia eta bestelako lan merituak egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar dute, bestelako egiaztagiriez eta gidabaimenaz gain, plaza bakoitzaren izen-emate prozesuan aurkeztutako curriculumarekin bat datorren erakusteko, nahiz eta 2018/19ko LEPean aurkeztu zuten. Osakidetzako langile diren eta beste lanpostu batera aurkeztu diren langileek ere aurkeztu beharko dute.

Izapide horrek hainbat ordutako ilarak eragin ditu erregistroaren bulegoan aste honetan. Arazoa arintzeko asmoz, Osakidetzak esan du gaur behar beste baliabide bideratzen ari dela, bai baliabide materialak, baita giza baliabideak ere.

Horren ildotik, dokumentazioa entregatzeko ordutegia luzatuko du lau ospitale nagusietan -Txagorritxu, Basurtu, Gurutzeta eta Donostialdea-, astelehenetik aurrea. Hala, ordutegi berria 08:00etatik 17:00etara izango da.

Osakidetzak, era berean, gogorarazi du dokumentazioa ohiko erregistro orokorretan ere entregatu ahal dela, esaterako, Correosen, administrazio publikoetan...

Halaber, erraztu egin dute dokumentazioa hartzeko prozesuam, eta, orain, hainbat kategoriatarako dokumentazioa entregatu behar duen pertsonak behin bakarrik egin ahal izango du. Hau da, dagokion txantiloia erregistratu ondoren, hainbat kategoriatarako erabili ahal izango du, zein LEP, kategoria eta erregistro zenbaki dagokion adierazita, eta dokumentazioa lehen aldiz eman zuen lehen erregistroaren data zehaztuta.

NANaren kopia baino ez entregatu behar dutenen kasuan, aurretik dokumentazioa emanda eta baliozkotuta izanagatik, Osakidetzak zuzenketa prozesua erabiltzea erabaki du, hala, aipatutako agiri horren derrigortasuna saihestu egiten da eta Osakidetzak berak eskatuko du NANa entregatzea, nortasuna (izen-abizenak), jaiotze data edota pertsonaren jatorria egiaztatzea beharrezkoa balitz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea