Ekonomia -

LAN GATAZKA

Euskotrenen gehiengo sindikalak lanuzteak deitu ditu biharko, langile gehiago kontrata ditzatela eskatzeko

Bi orduko lanuzteak egingo dituzte, 07:00etatik 09:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, Euskotrenek EAEn eskaintzen dituen zerbitzu guztietan (trena, tranbia, autobusa eta funikularra).

Atxuriko geltokia, Bilbon. Artxiboko irudia.
Atxuriko geltokia, Bilbon. Artxiboko irudia.
Atxuriko geltokia, Bilbon. Artxiboko irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskotrenen gehiengo sindikalak (ELA, Independenteak, ESK eta CGT) lanuzteak deitu ditu biharko, "langile gehiago" kontrata ditzatela eskatzeko eta "planifikazio eza" salatzeko.

Bi orduko lanuzteak egingo dituzte, 07:00etatik 09:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, tren-konpainiak EAEn eskaintzen dituen zerbitzu guztietan (trena, tranbia, autobusa eta funikularra). 50.000 erabiltzaile baino gehiagori eragingo diete geldialdiok.

Gaur zabaldu duten oharrean sindikatuek salatu dutenez, planifikazio ezak eta langile faltak egunero zerbitzuen % 25 inguru kaltetzen ditu. Besteak beste, zerbitzuak bete gabe geratzen direla, ibilbidean erabiltzaileek beharrezko arreta ez dutela jasotzen eta ordutegietan gorabeherak izaten direla esan dute. Halaber, langileen atseden orduak ere ez direla errespetatzen gehitu dute.

Horrez gain, festetako eta gauetako zerbitzu berezietan segurtasuna indartzeko ere exijitu dute. 

Euskotrenek lanuzteak mantentzea deitoratu du, "negoziazioak irekita egon arren"

Bestalde, Euskotren Sozietate Publikoak deitoratu egin du sindikatuek lanuzteei eustea, "nahiz eta negoziazioak irekita egon". Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak ezarritako % 30eko gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituela ziurtatu du Euskotrenek ohar batean.

Euskotrenek gogorarazi du deitutako lanuzteek eragina izango dutela trenbideak Bizkaian eta Gipuzkoan ematen dituen zerbitzuetan; tren-busak Usansoloko Ospitalera eta Zamudioko Teknologia Parkera; metroaren 3. lineak Bilbon; Bilboko eta Gasteizko tranbietan; Larreineta funikularrean eta Larreineta-Zugaztieta autobus-zerbitzuan, Trapagaranen (Bizkaia); eta foru-sistemetarako kudeatzen diren autobusetan: Bizkaibusen Bizkaian (Eskuinaldea eta Ezkerraldea) eta Lurraldebusen Gipuzkoan (Debabarrena eta Urola Kosta).

Deialdi honek herritarren artean izan ditzakeen eragozpenak deitoratu ondoren, Euskotrenek erabiltzaileei gogorarazi die informazio gehiago dutela bezeroei informazioa emateko telefonoan (944 333 333), www.euskotren.eus webgunean eta Euskotrenen app ofizialean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskotren Sindikatuak