Ekonomia -

Zergak

319 milioi euro zor dituzten 86 subjektuk osatzen dute Gipuzkoan Ogasunarekin zor handiak dituztenen zerrenda

Foru erakundeak Ogasunarekin 600.000 euro baino gehiagoko zorra dutenen zortzigarren zerrenda kaleratu du.

Ogasunari 600.000 euro baino gehiago zor diotenen identifikazioak jasoko dituzte. Argazkia: Freepik
Ogasunari 600.000 euro baino gehiago zor diotenen identifikazioak jasoko dituzte. Argazkia: Freepik
Ogasunari 600.000 euro baino gehiago zor diotenen identifikazioak jasoko dituzte. Argazkia: Freepik

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Ogasunak gaur plazaratu du bere zordun handien zortzigarren zerrenda, 86 subjektu eta 319 milioi euroko zorra jasotzen dituen erregistroa. Iazko zerrendarekiko berritasun nagusia bertan sartzeko muga murriztea da, 1.000.000 eurotik 600.000 eurora igaro baita. Beraz, guztira 45,5 milioi euroko zorra duten 50 zergadun berri sartu dira zerrendan, eta 13,4 milioi euro zor zituzten 7 atera dira bertatik.

Zerrenda Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan kontsultatu daiteke, hemen. Izen horiek foru erakundearen iruzurraren aurkako estrategiaren testuinguruan plazaratu ditu Aldundiak, eta gaizki ikusita dauden jokaerak publiko eginez gizartearen gaitzespena lortzea du xede. Hau da, Ogasunak "pedagogia egitea" du helburu, eta, hala, zerga iruzurraren aldeko jarrerak eragoztea.

Gaur argitaratu den zerrendak 2022ko abenduaren 31n Ogasunari 600.000 euro baino gehiago zor diotenen identifikazioak jaso ditu, borondatezko epean daudenak eta geroratuta, zatikatuta edo etenda daudenak salbu. Araudiaren arabera, datorren urtean berrituko da zerrenda, eta erreferentzia eguna aurtengo abenduaren 31 izango da. Egun horretatik aurrera abiatu edo burututako ekintzek ez dute eraginik izango zerrenda argitaratzeko orduan.

Zerrendan sartzeko proposamena zordunari jakinarazten zaio, eta horrek 10 egun izaten ditu alegazioak aurkezteko. Epe horren ostean, informazioa publiko egiteko akordioa ematen da. Datuak euskarri elektronikoetan argitaratzen dira eta hiru hilabetez egoten dira ikusgai. Gainera, beharrezko neurriak hartzen dira Interneteko bilatzaileak informazio horretara hel ez daitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Zerga politika gaur Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak