Ekonomia -

MINISTROEN KONTSEILUA

Elikagai batzuen BEZa murriztea eta garraiorako laguntzak luzatzea onartu du Espainiako Gobernuak

Hiru aldundiek eta Euskotrenek aurretik iragarri zuten deskontuak aplikatuko dituztela urtea amaitu arte.

BEZaren murrizketak, besteak bestem, arrautzei, barazkiei eta frutei eragiten die. EITB Media
BEZaren murrizketak, besteak bestem, arrautzei, barazkiei eta frutei eragiten die. EITB Media
BEZaren murrizketak, besteak bestem, arrautzei, barazkiei eta frutei eragiten die. EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministroen Kontseiluak errege lege-dekretu bat onartu du gaur, Ukrainako gerrak eragindako ondorio ekonomikoei eta prezioen igoerari aurre egiteko helburuz hartutako neurri batzuk luzatzeko. Besteak beste, oinarrizko elikagaien batzuen BEZa murriztea eta garraio publikorako deskontuak mantentzea erabaki du. Halaber, Espainiako Gobernuak zaintzarako hiru baimen onartu ditu senideak eta seme-alabak zaintzeko.

Hiru aldundiek eta Euskotrenek dagoeneko iragarria zuten deskontuak mantenduko dituztela urtea amaitu arte. Zehazki, Euskotrenek % 50eko deskontua aplikatuko du tren, tranbia eta funikular zerbitzuetan. Arabak BAT txartelaren tarifen % 50eko deskontuari eutsiko dio, Bizkaiak garraio tarifen % 50eko murrizketa luzatu du eta Gipuzkoak ere % 50eko deskontua aplikatuko die Mugi txartelarekin joan-etorriak egiten dituzten erabiltzaileei. Halaber, Eusko Jaurlaritzak beste 6 milioi euro bideratuko ditu garraio publikoko deskontuak finantzatzeko.

Espainiako Gobernuak iazko abenduan onartutako neurri sorta ekainaren 30ean iraungiko da eta horregatik horietako batzuk luzatzea erabaki du. 

"Gaur urteko bigarren zatian aplikatu beharreko zazpigarren neurri sorta bat onartu dugu, Ukrainako gerraren ondorioei eraginkortasunez erantzuten jarraitzeko", iragarri du Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministro eta lehen presidenteordeak Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Guztira, neurri sorta horrek 3.800 milioi euro gehiago mobilizatuko ditu, baina zerga beherapenak eta hobariak kontuan hartuta 8.900 milioi euroko eragina izango du.

Orain arte bezala, oinarrizko produktu batzuek ez dute BEZik izango (ogia, arrautzak, barazkiak eta fruta, esaterako) eta olioak eta pastak, kasu, %10eko BEZa izan beharrean, % 5ekoa izango dute.

Garraio publikoari lotuta, abonuen eta bidaia anitzeko tituluen beherapena luzatu du Ministroen Kontseiluak, eta, horri urte osorako ezarrita dauden Renferen aldirietako eta distantzia ertaineko deskontua gehitu behar zaio. Halaber, Espainiako Gobernuak % 30eko hobaria ematen jarraituko du garraio publikoan, betiere tokiko administrazio publikoak deskontu hori % 50eraino handitzeko konpromisoa hartzen badu.

Halaber, Espainiako Gobernuak erabaki du profesionalen gasolioari (garraiolariak, abeltzainak eta nekazariak) deskontua aplikatzen jarraitzea. Irailaren 30era arte litroko 10 zentimoko deskontua izango dute eta urteko azken hiruhilekoan, ostera, 5 zentimokoa.

Pertsona eta familia zaurgarrien etxegabetzeak edo kaleratzeak sei hilabetez atzeratzea eta ahanztura onkologikorako eskubidea ere aurreikusten du errege lege-dekretuak. 

Hala ere, Espainiako Gobernuak kendu egin du baldintza berdinetan alokairu kontratua beste sei hilabetez luzatzeko maizterrek orain arte zuten aukera.

Espainiako Gorteak deseginda daudenez, Diputazio iraunkorrak hartuko du bere gain Espainiako Gobernuak astearte honetan lege-dekretu bidez hartutako neurriak baliozkotzeko edo indargabetzeko ahalmena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua argazkiak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Trenak Gipuzkoan Garraio publikoa gaur Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak Hipermerkatuei buruzko albisteak